GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

AIZKORA Desafioa

Uste baino askoz errazago menderatu du Zalduak Kastro

Zumarragakoak bederatzi minutu pasako tartea kendu zion Urrozkoari.

p044_f01.jpg

Jon LEUN DA

Xabier Zalduak erraz, uste baino errazago irabazi zuen atzo Donezteben jokatutako aizkora apustua. Amaieran, bederatzi minututik gorako aldea kendu zion Raul Kastrori.

Doneztebeko pilotalekua erabat bete zuten bi aizkolari hauen desafioa zuzenean ikusi nahi zuten zaleek. Bakoitzak 18 enbor kana-erdiko erdibitu behar izan zituen, eta denak Kastrok plazaratu zituen. Orokorrean enborrak onak atera ziren. Alde bakoitzak 3.000 euro jokatu zituen. Hasieratik dirua Zalduaren alde atera zen, baina ez zen asko jokatu.

Apustua uste baino askoz ere errazago eraman zuen Zalduak. Zumarragakoa hasieratik jarri zen aurretik, eta berehala hasi zen aldeak ateratzen, eta lehen enborrean hamabost segundoko tartea zabalduta zeukan. Tarte hori handitzen joan zen, izan ere, bigarren enborrerako 33 segundoko tartea lortu zuen. Aldeak azkar, azkarregi, ireki ziren, eta bi enborretan minutu erdi bat kentzea, tarte oso handia zen.

Hortik aurrera gauzak ez ziren aldatu. Zumarragakoa oso indartsu agertu zen, eta sasoi betean, gozatzen ari zela nabari zen. Kastro ez zen gaizki aritu, baina zuloa gero eta handiagoa zen, eta berehala ikusi zen, agian azkarregi, garaipena nora joango zen. Lan erdietan, bederatzigarren enborrean, alegia, hiru minutu eta hiru segundoko tartea kentzen zion Zalduak Kastrori. Hortik aurrera gauzak ez ziren batere aldatu, izan ere, zulo hori gero eta handiagoa egiten joan zen, eta amaieran bederatzi minutu pasako tartearekin bukatu zen norgehiagoka. Hiru enborren aldearekin irabazi zuen Xabier Zalduak, Zumarragako aizkolariak.

Hemezortzi kana-erdiko mozten, enborrez enbor, Zalduak emandako denborak hauek izan ziren: 1.48, 3.55, 5.45, 8.04, 10.20, 12.45, 15.15, 17.41, 20.10, 23.07, 25.45, 28.41, 31.20, 34.05, 36.46, 39.13, 42.10 eta 44.43.

Raul Kastroren enborrez enborreko denborak hauek izan ziren: 2.03, 4.28, 7.06, 9.34, 12.20, 15.05, 17.38, 20.39, 23.43, 26.54, 30.30, 33.14, 36.22, 39.48, 42.58, 46.40, 49.38 eta 53.04.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo