GARA > Idatzia > Mundua

Droga trafikoaren gerrak trafikatzaileen irabaziak gehitu dituela dio nazioarteak

Hiru urtetan, %68 igo da kokainaren prezioa AEBetan, eta beraz, horrek errentagarriagoa egin du droga trafikatzaileen jarduna. Adituek zio nagusi bat ikusten dute horretarako: Calderonen estrategia militarra. NBEk, hain justu, soldaduak kaleetatik ateratzeko galdegin dio Mexikori.

GARA | CANCUN

Droga trafikoaren aurka 2006an martxan ipini zuen estrategiak ondorio franko eragin zitzakeen, eta modurik gordinenean bueltatu zaio Felipe Calderon Mexikoko presidenteari horren astindua. Izan ere, bost urteetan trafikatzaileen aurka horren gogor eta tinko jarduteak, aurkari dituen horiek gehiago aberastea ekarri baitu. Hala ondorioztatu zuten atzo Cancunen burutzen ari diren Drogen Fiskalizazioaren Nazioarteko Konferentzian batu diren 120 herrialde inguruk; 2007tik hona, %68 garestitu baita kokainaren salneurria AEBetan, eta hortaz, droga trafikatzaileen irabaziak gehitzea ekarri du horrek.

Monica Serrano txostena gauzatu duen adituak eman zituen aditzera datuak; bertan jasotzen denez, trafikatzaileen diru hobariak %97,7 dolarrekoak izan ziren duela hiru urte, eta iaz berriz, %164,9koak. Adituaren irudiko, errepresioaren areagotzea izan liteke drogen prezioa igotzearen arrazoi nagusia, eta era berean, trafikatzaileen jarduera errentagarriagoa egin du horrek.

NBEren eskaera

Droga trafikoaren aurka «fronte komun bat» eratzea dute helburu Cancungo batzarrean, «nazioarteko operazioak, informazio trukea eta koordinazioa» sustatzeko. Delinkuentzia mota hori jasotzen duen kolpe bakoitzeko indartu egiten dela uste du, ordea, aditu talde batek.

Hain zuzen, poliziak eta soldaduak kaletik erretiratzeko galdegin dio formalki Nazio Batuen Erakundeak Mexikori, Calderonek boterea bereganatu zuenetik ¯2006tik¯ izugarri emendatu baitira behartutako desagerpenak. Giza Eskubideen Nazioarteko Batzordeak herrialdean egin duen bi asteko biraren ostean, 3.000 desagerpen auziren berri jaso eta horien atzean, kasu gehienetan, Armada dagoela segurtatu dute.

Gobernuak gezurtatu egin du halakorik, eta NBEren eskaera «arduragabekeriatzat» jo du. «Mexikoko sendiak ez ditugu babesik gabe talde kriminalen manupean utziko», ziurtatu dute.

SEI POLIZIA HILIK

Patruilatzen zihardutela, ezezagunek sei polizia hil zituzten tirokatuta pasa den igandean, Higo herrixkan. Horiekin, honezkero 34.600 lagun dira hildakoak Calderonek bere estrategia militarra martxan ipini zuenetik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo