GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Mikel Aramendi Kazetaria

Gerra zikinaren hondakin erradioaktiboak

Hobe dute PSEko eta PSOEko arduradunek beren gerra zikinaren hondakin erradioaktiboak non eta nola dituzten kontuak ateratzen badituzte

Zentral nuklearren bitartez argindar «merkea» ekoizteko nolako tranpak egiten zaizkigun bagenekien, gutxi gorabehera, lehendik. Baina Fukushimako anabasaren irakaspen gogoangarrienetakoa, ezbairik gabe, bertan zeuden hondakinek eragindako kalteena izanen da. Hondakin nuklearren kudeaketari buruz inoiz inon egin den masterrik trinkoena eta osoena dela gaurkoz Fukushimakoa. Larrutik ordainduz ikasten ariko dira bertako batzuk. Eta besteontzat ere ez da debaldekoa izango irakaspena.

Analogia huts legez hizpideratu nahi nuen, ordea, Japoniakoa. Badira gure gizartean «gerra zikina» deitu ohi denaren hondakin «erradioaktiboak». Han-hemenka sakabanatuak: batzuen oroimenean, besteen paperetan, auskalo zeren frogabide ezezagunetan... Normalean, zentral nuklearretako urtegietan «jasota» omen dauden barra ustiatu horien antzera, erabat oharkabean egoten dira luzaro. Agian horregatik, haien ardura dutenek pentsa dezakete zainpeko aparkaldi hori betiko dela. Eta arazoa bere horretan desagertuko dela, denboraren poderioz, inolako kostu eta neke berezirik gabe.

Baina ez. Hondakin erradioaktiboen arazoak ez du horrela funtzionatzen. Ezta gerra zikinarenak ere. Egun hauetan bertan azeleratu diren bizpahiru adibideetan oso argi nabarmentzen da hori.

Zaratatsuena, Miguel Planchuelo, Bilboko komisario ohiari egiten ari diren epaiketa da. 25 urte igaro ondoren, Batxoki eta La Consolation tabernetan burututako hilketa saioen justiziazko kitamendua egiteko ez du asko balioko. Baina gaiztakeria haren oroitzapena gal ez dezagun, eta batez ere Planchueloren salatzaile -lehen- eta abokatu -orain-, edota nagusi -lehen- eta etsai -orain-, diren hondakin-kudeatzaile lotsagarri guztien bizkarretik barre puska bat egiteko eskergarria da.

Isilpeagoan igaro dira etorkizunean hizpide gehiago eman dezaketen beste bi. Era guztietako hondakindegietan inguru hauetan den aditurik ospetsuena denaren egunkarian agertu dira biak, iragan asteburuan. Larunbatean, Teresa Rilo Jean Pierre Cherid zenaren alargunak, haren bertute eta langintza paregabeen laudorioa egin ondoren, jakinarazten zigun terrorismoaren biktimatzat daukala bere burua... eta senar zenduari «reconocido y prestigioso mercenario» deitzen zion kazetariak, noski, ez zion ihardesten. Biktimen Legea erreklamatuz etorriko dira gero... Igandean, elementu berberak jakinarazten zigun Jacinto Angel Guerrero Lucas aktibista-salatari-masoi-espioiaren artxibategi mardularen «zati bat bederen» eskuratu dutela. El Peque-ren sintaxia nozitzearen truke, gustura arakatuko nuke Spainleaks hori. Baina ez dut uste Pedro Jotaren asmoa hori denik.

Hobe dute PSEko eta PSOEko arduradunek beren gerra zikinaren hondakin erradioaktiboak non eta nola dituzten kontuak ateratzen badituzte. Eta, Fukushimako irakaspenak aintzat hartuta, benetako kitamendua egiten hasten badira. Lurrikara eta tsunamiek arazoa erabat txartu baino lehen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo