GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Mikel Jauregi Kazetaria

Carlos eta Ana, Euskal Herrira!

Pitzatuta nagoela pentsatuko du irakurleak, erotu naizela, baina Carlos Iturgaiz eta Ana Urchueguia faltan sumatzen ditut. Euskal Herriko bizitza politikoaren filma ez da gauza bera bi hauek ez badaude. Bigarren mailakoak direla? Bale, baina luxuzkoak, pantailan agertzean dir-dir egiten duten horietakoak. Irria eragiten dakite -lehertu beharrean batzuetan-, norbera sutzen artistak dira, seko harrituta uzteko gaitasuna dute, malkoa sorrarazten ere badakite... Zer nibela! Hauekin, saltsak ez du gatzaren beharrik.

Tamalez, urrunegi dauzkagu. Bruselan bata, 2004an PPk hara bidali zuenetik. Gazteegi joan zen dinosauroentzako Parlamentura. Asko zuen emateko oraindik gurean. Hizketarako abilezia handirik ez du, estratega trazarik ere ez diot hartzen, baina piper egin duen nagusiaren botoia sakatzen ikusteak eta ondoren emandako justifikazioak ez dute preziorik.

Bere «memorien liburua» salgai dago liburu-dendetan astearteaz geroztik. 296 orrialdetan, besteak beste, honakoez mintzo da: «Ajuria Eneko Mahaiko bilera amorragarriak, Xabier Arzalluzen EAJrekin izandako hizketaldi tirabiratsuak, eraildako politikariak, kontrako giroa, `Ermuko espiritua', gezurra ziren esamesa miserableak». Atrakzio puntu batek jota, edo akaso perbertsio soilak, 21 euro gaizki inbertitu eta liburua irakurtzekotan nago.

Kasualitatez, egun horretan bertan Urchueguia hemen izan genuen, Gasteizko Legebiltzarrean, Somoton egin dituenak -barkatu, egin dituela leporatzen diotena- azaltzeko. Eta bere estiloan egin zuen. Ez nuen gutxiago espero. Burua tente agertu zen, karpeta eta paper mordoarekin. Den-dena zuzen egin omen nuen; ez ei dago okerrik. Alta, bere aurkako salaketak gezur hutsak direla adierazi zuen, txakurkeria galanta egin diotela. Bota zuen berea, hegazkina hartu eta hanka berriro, Atlantikoaren beste aldera, Txilera. Bere alderdiak prestatutako erbeste gozora. Bertakoei lezioak ematera.

Ez dakit herriminik izango duten, baina nik behintzat badut haien falta. Carlos eta Ana, Iturgaiz eta Urchueguia. Nire perbertsioen protagonistak. Etxean behar zaituztegu!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo