GARA > Idatzia > Kultura

Xabier Lete omentzeko lehen jaialdia eginen dute bere jaioterrian

Joxe Angel Arbelaitz kultura sustatzaileak atzoko aurkezpenean kontatu zuenez, alde guztietan dago jendea Xabier Lete omentzeko gogoz, bereziki bere herrian, Oiartzunen. Bertan prestatu dute lehenbiziko jaialdia, apirilaren 16rako, kantari eta musikari ezagun anitzekin.
p047_f01.jpg

Maider IANTZI | DONOSTIA

Apirilaren 16an, 21.30ean, Xabier Leteren omenezko kantaldi bat eginen dute Oiartzungo Elorsoro kiroldegian, hainbat artistarekin. Han izanen dira Antton Valverde, Erramun Martikorena, Oskarbi, Petti, Pier Paul Berzaitz eta Arantxa Irazusta, herriko Jon Bergaretxerekin eta Lartaun abesbatzarekin batera. Karlos Gimenezek joko du pianoa; Joxan Goikoetxeak eskusoinua eta teklatuak; Txema Garcesek baxua; Francisco Herrerok biolina; Luis Fernandezek biolontxeloa eta Xanet Arozena oiartzuarrak, aldiz, gitarra. Jaialdi anitza prestatu dute, hortaz, duela bost hilabete zendutako poetaren oroimenez.

Arantxa Lete arreba ere izan zen atzo Koldo Mitxelenan egindako aurkezpenean, eta «sentipenak hor daude, zurrunbilo batean» adierazi zuen, bestaren antolatzaileei -Oiartzungo Udalari eta AM Kultur Promotorari- eskerrak ematearekin batera. Joxe Angel Arbelaitz sustatzaileak, berriz, kantari guztien laguntza izan dutela azaldu zuen. «Zorionez, hainbeste direnez, ezin dira denak kantaldi batean aritu. Baina lanean ari gara Euskal Herri osoan izango direlako omenaldiak». Hurrengo hitzorduak maiatzaren 14an Usurbilen eta abenduaren 4an Kursaalen izanen dira.

Elorsoron, Leterekin lotutako kantak kantatuko dituzte. Antton Valverdek, adibidez, oiartzuarrak euskaratutako Gabriel Zelaiaren poesia bat, «El retorno», abestuko du, baita «Amaitu da bidaia» eta «Gizon arruntaren koplak» ere. Aitortu zuenez, poz handiz eginen du, eta Leteren omenez ariko da bizi osoan ere.

Jende guztia gonbidatu zuten jaira. Sarrerak salgai daude eta egunean ere erosten ahalko dira. «Azkar ibili, baina denentzat izango da lekua», ziurtatu zuten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo