GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

KORRIKA 17

Iragana baino, etorkizuna den hizkuntza

Orain zortzi urte zabaldu zituen ateak Argantzuneko ikastolak. Euskara hizkuntza oso zaharra da, eta gazteen eskutik etorriko zaio etorkizuna. «Trebiñu euskalduna bada, umeengan dago gakoa», adierazi dute bertako euskaltzaleek.

p004_f01.jpg

Oihane LARRETXEA

Geure hizkuntza, euskara da festa erraldoi honen bizkarrezurra. Milaka eta milaka lagun batzen dituen lokarria. Horren alde ari da aspalditik lanean AEK, baina Euskal Herrian zehar dauden hamaika elkarte ere bai, txikiak ertainak, handiak; erakundeak, ofizialak edo ez, pertsona partikularrak, ezagunak nahiz anonimoak. Askok gainera musu-truk.

Orain zortzi urte zabaldu zituen ateak Argantzon Ikastolak, eta honi esker, besteak beste, umeek badute etxean bertan euskaraz bizitzeko aukera. Bertako irakaslea da Ekaitz Lotina eta bera ere baikor ageri da.

Datuek euren alde egiten dute. 0 eta 6 urte bitarteko haurrak hartzen dituen ikastola honetan, lehen ikasturtean hamaika ikaslek eman zuten izena, eta dagoeneko 42 dira datorren irailean bertan izango diren txikiak.

«Garapena oso argi ikusten da. Hemen inguruan erreferentzia gara -gaineratu du-. Gure erronka garrantzitsuena euskaraz ikasteko aukera eskaintzea da».

2007. urtean, %13,5a

Etorkizunari irribarre egitea lagungarria da bidea samurragoa egiteko, baina batzuetan, kanpoko arrazoiak direla-eta, ikastola txiki gehienek bezala, Argantzon Ikastolak zailtasunak izaten ditu. Haur Hezkuntza soilik eskaini ahal izatearen arrazoi nagusietako bat diru laguntzak eskuratzeko dituzten «arazoak» dira. «Politika tartean dagoenean gainera...-salatu du-. Burgosek kontu honekin hainbat helegite ditu eta irabazita, eta horrek asko baldintzatzen gaitu. Zortzi urte daramagu martxan baina oraindik finantzatzeko bide sendorik ez dugu». Urte bakoitza «borroka bat, abentura bat», dio. Puntu honetan, Ikastolen Elkarteak egindako lana gogora ekarri du, «gugatik apustu sendoa egin zuten eta honi esker egiten dugu aurrera».

Herriko eragile eta elkarteek euskararen nondik norakoak ezagutzen dituzte eta azaroaz geroztik, Andoni Llosas ere badabil antzeko betebeharretan buru-belarri. Orduan izendatu zuen Arabako Aldundiak Trebiñuko euskara teknikari, hain zuzen, Euskara Teknikarien Sarearen barruan. Ordutik hilabete gutxi batzuk baino igaro ez diren arren, baditu ikuspuntu eta iritziak. Bere lana euskara sustatzean eta erabileraren normalizatzean datza, eta ohartarazi duenez, Trebiñun euskarak pairatzen duen egoera ez da txarrenetakoa: «Onerako edo txarrerako Arabako beste eskualde batzuetan, Mendialdean edo Arabako Errioxan, esaterako, portzentajeari begiruz gero, ez dago alderik. Gainera -nabarmendu du-, ikusten da [hiztun kopurua] gorantz doala, gero eta jende gehiagok hitz egiten duela Trebiñun». Bestalde, euskararen jakintzatik erabilerara ere aldea nabaritzen dela baieztatu digu, «baina hori, azken batean, Euskal Herri osoko erronka da», ondorioztatu du.

Lakuako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak 2007. urtean egindako inkestatik ateratako datuen arabera, trebiñuarren %13,5 euskaraz ondo hitz egiteko gai da, eta beste hainbestek hitz egiteko gaitasun handirik ez duen arren, bada ulertzeko gai. Datu eguneratuak datozen hilabeteotan iritsiko dira, izan ere Lakua berriz egiten ari da-eta ikerketa soziolinguistikoa.

Datu hauek mahai gainean izanik, eta azken urteek emaitza positiboak utzi dituztela ikusita, zein da hurrengo urratsa? Llosasek esan duenaren arabera, begirada Korrikatik harantzago jartzea da gakoetako bat: «Ume eta gazteengan egin behar dugu indarra, beste sektoreak baztertu gabe, baina diru laguntza eza traba izaten da, ez baita programa guztiak aurrera eramateko iristen». Horregatik, 17. Korrika amaitzean bertako eragile, euskara batzorde eta ordezkari politikoekin bildu nahi du Llosasek, «denon artean euskarak zein premiak dituen ezarri eta horren arabera eragiteko. Trebiñu euskalduna izango bada, umeengan dago kontua», azaldu du irmo.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo