Pribilegioak erruz, etikarik batere ez
Europako Parlamentuko ohiko bozketa bat, ohiko emaitza izan zuena, buruhauste bihurtu zaie PSOE, PP eta UPD alderdi espainiarrei, sare sozialetan izan duen oihartzuna dela-eta. Herritarren ordezkari gehienek datorren urteko aurrekontua %2,3 emendatzea onartu zuten; beren bidaia gastuak murriztu eta soldata-osagarriak bere horretan uzteko zuzenketak, berriz, atzera bota zituzten. Enegarrenez Parlamentu horren eta herritarren arteko distantzia gero handiagoa dela nabarmendu zuten parlamentariek berek, krisialdian are nabarmenagoa baita alde hori. Izan ere, hegazkinez lehen klasean barik turista klasean bidaiatzea eta beste pribilegio askoren jabe izatea eztabaidagarria izanik ere, krisi betean herritar gehienentzako murrizketa gogorrak onartzen dituzten berek beren gastuak -herritar guztiek ordaintzen dituztenak- murrizteari uko egitea, gutxienik, itsusia da, eta hala sumatu dute herritar askok, gai hori izan baita sare sozialeko eztabaidetan iruzkin gehien izan dituztenetako bat. PSOEk eta UPDk, hori ikusita, beren jarrera zuzentzeko asmoa agertu zuten, ezezko botoaren ordez abstentzioa iragarrita. Hala ere, alderdi horietako eurodiputatuek PPkoekin batera atzera bota zuten zuzenketa bazterrean geratuko da, eta politikari horien etikak ere lehen bezala jarraituko du: hutsaren hurrengoa izaten; haien estetikak, berriz, minimoen azpitik.