GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Idoia Arrieta Elizalde UEUko Historia Saileko kidea eta Getariaren Sustraiak taldeko kidea

Historialariek ezkutatu digutena: Donostiaren konkistaren dokumentua

Historiako Errege Akademiaren ardurapean eraso ideologiko garrantzitsua burutu zen. Foruak (orokorrak) dohain modura emandako pribilegioak zirela argudiatu zuten, paktatuak zirela, beraz, eta baliogabetu zitezkeenak

Mende luzez historialariak miatzen aritu diren agirietatik atera zitekeen informazioa ez dago agortuta. Horren adibide, Donostiaren konkistari buruz topatu berri dugun dokumentua. Baina, non dago agiria? Zer ezkutatzen du? Zergatik ez da jatorrizko izenburuarekin argitaratu? Ondorengo lerrootan, agiria aurkeztu eta galdera horien atzean dagoen auzia argitzen saiatuko naiz.

XII. mendean Gipuzkoa lur eremu geografiko zabala eta zehaztu gabekoa zen, artean ez zen barruti politiko-administratiboa, eta Nafarroako Erresuman integratuta zegoen. Hortaz, 1200. urtean, geroago probintzia izan zen Gipuzkoak ez zuen lurralde batasunik. Hiru tenentziatan banatuta zegoen, Nafarroako erregearen ordezkarien gobernupean: alde batetik, Ipuzkoa lurraldea baitzegoen (Urola eta Oria ibaien arteko lurraldea); eta bestetik, ekialdeko zein mendebaldeko mugak. Agiriek behin eta berriro azpimarratzen dute Ipuzkoako eta Donostiako tenentzien bereizketa. Donostia, zalantzarik gabe, Oria eta Bidasoa ibaien artekoa zen. Errege gaztelarrak 1200. urtean lurralde horiek konkistatu ondoren agirietan azaltzen da ondoko esaldiekin: «regnante rege Aldefonso cum uxore sua domna Alienor regina, in tota Castella et in Alava et in Campezo et in Maranon et in Ypusqua et in Sancto Sebastiano».

Gaztelako erasoak lurralde horietan interes handia sortu du historiografian helburu polemiko eta politiko batekin, Gipuzkoa konkistatua izan zelako zantzu guztiak zeudenean (orain dokumentatuta), baina bidegabekeria batzuk izan direla medio, borondatezko paktoaren teoria indartu zen. Alabaina, XIII. mendeko kronikak ez dira azaltzen konkistaren alde, ez borondatezko batzearen alde. XIV. eta XV. mendeetako kronika nafarrak ere ez. XVI. mendearen bigarren erdialdeko historialariek (Juan Martinez Zaldibiakoa, Esteban Garibai) ordea, Gaztelarekin borondatez batzearen teoria defendatu zuten, eta gerora joera interesatu hori nagusitu zen, ildo propioa sortuz eta arrakasta lortuz. Geroztik polemika etengabea izan da, eta gaur egun arte itunaren teoria ia aurkakorik gabe mantendu da.

Horren harira, interesatzen zaigun gairako hurbilketa on bat izan da Colección de Documentos Medievales de las Villas Guipuzkoanas bilduma, Gipuzkoako Aldundiak argitaratutakoa. Bitxia bada ere, 1332. urtean datatuta dagoen eta «Traslado del fuero de San Sebastián sacado a petición del concejo de la villa de Guetaria» izenburu duen dokumentuak honela dio: «(...) Don Alfonso de Castiella, que Dios perdone, que la dicha villa conquisó (...)».

Hurrengo pausoa jakina, transkribatutako dokumentua Madrilgo Errege Akademian jasota dagoen agiriarekin konparatzea izan da. Azken horren izenburua bestelako hau da: «1202-1332 Guetaria SS. Parte del Fuero de S.S. Y en el preambulo se dá por sentada la conquista de S. S.», eta dokumentuaren ezkerreko aldean ohar bat: «ojo conquista de S.S.» Sinestezina dirudi.

Hortik ondorioztatzen dugu, gertakarien hurbilenetik hasita eta gerora Aro Modernoan eta Garaikidean eginiko interpretazioak interesatuak izan direla. Aipatutako konkistaren dokumentua 1805. urtera arte Getariako artxiboan zegoen (Donostiako artxiboan ere luzaroan egon zen), Jose Vargas Ponce armadako tenientea Errege Akademiarako Gipuzkoako artxiboak miatzen aritu baitzen eta Getarian aurkitutakoa deskribatzen baitu. XVI eta XVII mende bitartean, Austriako Etxearen politikarekin bat eginez, erasoaren lehen urratsa gauzatu zen. Ondoren, borboitarren asmo bateratzaileak izan ziren ofentsiba horren oinarrian. Une hartan historiografiaren bidezko eraso ideologiko garrantzitsu bat burutu zen Historiako Errege Akademiaren ardurapean. Foruak (orokorrak) dohain modura emandako pribilegioak zirela, paktatuak beraz, eta baliogabetu zitezkeenak, argudiatzen ahalegindu ziren. Aurreko tesia defendatzeko, Vargas Poncek Gipuzkoako agiritegietako dokumentuak transkribatu eta behar bezala aukeratutako agiri historikoak erabiliz bere lana aurkeztu zuen. Bilduma horretan dago Donostiaren konkista aipatzen duen dokumentua, Vargas Poncek egindako ohar eta guzti. Gure egunetara etorrita, historialari batzuek beren lanaren benetako asmoa zein den agerian utzi dute, 1991. urtean Erdi Aroko Gipuzkoako hiribilduen dokumentuen bilduma (1200-1369) transkribatzerakoan data bat isilean gorde eta esanguratsua den izenburua aldatu dutenean.

Honekin guztiarekin, mendeetan zehar ezkutatu nahi izan dute Donostia armen bidez erantsi zutela Gaztelako Erresumara. Era berean, Gipuzkoaren konkistaren argibide bihurtu da. Baina idatzi horren esanahi zehatzetik harantzago, beste gogoeta bat ahalbideratu beharko genuke.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo