GARA > Idatzia > Kirolak> Txirrindularitza

EUSKAL HERRIKO ITZULIA Adierazpenak

«Trebeziak eta irabazteko gogoak emaniko garaipena»

Samuel Sanchezek bere aitona zenari eskaini zion Arraten lortutako balentria.

p036_f02_148x096.jpg

Imanol CARRILLO

Aski ezaguna zuen Samuel Sanchezek Arraten amaitzen zen etapa. Behin baino gehiagotan bertan izan da asturiarra, eta bere jakituria erabili zuen atzo, denboraldiko bigarren garaipena lortzeko.

«Guretzat garaipen hau oso garrantzitsua da. Euskal Herriko Itzuliko etapa gorenean bi urte jarraian irabaztea garrantzitsua da. Gainera, niretzat oso polita da bertan irabaztea, hona etortzen baitzen beti nire aitona zena ni ikustera. Berari eskaini nahi diot garaipena», azpimarratu zuen Samuel Sanchezek.

Euskalteleko txirrindulariak lasaitasun handiz jokatu zuen laugarren etapako azken metroetan: «Trebetasunaren eta irabazteko gogoen garaipena izan da. Helmuga ezagutzeak garaipena eman dit».

«Kontrako haizeak eta Radio Shacken, Leoparden eta Rabobanken kontrolak baldintzatu dute igoera. Ondoren, taktika sartu da jokoan eta, beste faboritoei denbora gehiago ezin niela atera ikusterakoan, etapa irabaztera joan naiz», azaldu zuen Samuelek.

Txirrindulari gehienentzat beroa eta kirola ez dira ondo uztartzen, eta faktore hori garrantzitsua izan zela aipatu zuen asturiarrak: «Beroak txirrindulari guztioi eragin digu eta denok gindoazen era berean. Ahal genuen modurik onenean amaitu dugu eguna».

Joaquim Rodriguez, harrituta

Etapa amaiera arraro samarra izan zen Joaquim Rodriguez Euskal Herriko Itzuliko liderrarentzat, helmugaratzerakoan maillot horia galdua zuela uste baitzuen: «Egia esaten badut, liderra izateari utzi niola uste nuen, Klodenek segundo batzuk lortu zituela uste bainuen. Beti ona da maillota mantentzea».

Batzuen eta besteen artean sor daitekeen lehiakortasuna alde batera utzita, katalanak eta asturiarrak harreman ona eta sendoa dutela argi utzi zuten biek atzokoan, podiumaren ondoan egin zituzten agur keinuengatik. «Samuelen garaipenak poztasuna sortzen dit. Pozik nago, merezi zuen, lehenengo egunetik oso forma onean baitago», gaineratu zuen Katushako txirrindulariak.

Iker Camaño bizkaitarra, Mallorcan irabazle

Endura Racing taldeko txirrindulari Iker Camañok garaipen ederra lortu zuen atzo, Mallorcako Itzuliaren bigarren etapan, Port d´Alcudia-Port de Pollençako 148,5 kilometroko ibilbidean. Gainera, asteazkenean laugarren izan zen erlojupeko proban. Atzoko garaipenarekin, Santurtzikoa bigarren kokatu da sailkapen nagusian, Jose Belda (Geruola-Valencia Terra i Mar) valentziarraren atzetik.

Bizkaitarraren atzetik Tadej Valjavec (Manisaspor), Frederik Willmann (Jocker Merida), Jose Belda (Guerola-Valencia Terra i Mar) eta David Clarke (Endura Racing) sartu ziren helmugan. GARA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo