Berezkoak
Senperen eta Maulen ekingo dio Binakakoak finalerako bideari
Jon LEUNDA
Gaur eta bihar jokatuko dira Berezkoen Binakako Txapelketako final-laurdenetako bi partidak. Gaur, 20.00etatik aurrera Senperen jokatuko da neurketa eta bihar, 18.00etatik aitzinera, berriz, Maulen, Glaria trinketean.
Gaur Intxauspe eta Ezkurra II.a Laurent Lanberten eta Thierry Harizmendiren aurka lehiatuko dira. Iragarpen zaileko norgehiagoka izango da. Intxauspe eta Ezkurra gaizki hasi ziren, baina amaitu ez zuten horren ahul egin, nahiz eta jokatutako bi neurketak galdu egin zituzten. Azkeneko partidan itxura oso ona eman zuen, eta garaipena ere oso gertu izan zuten, baina puntu bategatik ihes egin zien partidak. Intxauspe gazteak sekulako norgehiagoka egin zuen, eta Paxkal Ezkurrak ere gorako bidea erakutsi zuen. Hori kontuan hartuta, beraiek aterako dira faborito.
Lanbert eta Harizmendi partida bat irabazita heltzen dira final-laurdenetara, baina ez diete zaleei konfiantza gehiegi ematen, jokatutako partidetan ez baitute maila ona eman.
Bihar Zuberoako hiriburuan neurtuko dira Ezkurra I.a eta Etxeto, Bielleren eta Kurutxariren aurka. Ezkurrak eta Etxetok hastapen bikaina izan zuten, baina bigarren norgehiagokan ez ziren maila berean aritu. Bielle eta Kurutxari bi partidak galduta heltzen dira partida honetara, eta itxura ona eman gabe. Bi beteranoak, Ezkurra eta Etxeto, alegia, aterako dira garaipena lortzeko faboritoak.