GARA > Idatzia > Kirolak> Saskibaloia

Euskal Koparen aurkezpena

Errotzeko asmoz jaio den goi mailako kirol jaialdia

Hiru ekitaldi ziurtaturik daude, eta finaleko kantxa aldatzen joango da, etxeko taldea finalista izan dadin.

p040_f01_199x116.jpg

Arnaitz GORRITI

«Euskal saskibaloiaren jaia izan dadila nahiko genuke, baita Euskal Kopa gure taldeen kirol egutegian eta helburuen artean errotzea ere». Horixe adierazi zuen Blanca Urgell, Lakuako Kultura sailburuak atzo goizean, Fernando Buesa Arena pabiloian eginiko Euskal Koparen aurkezpen ofizialean. Urteetan gauzatu ezinik geratu zen nahia egia bihurtu da azkenean, eta hurrengo asteetan ikusi ahal izango dute euskal zaleek.

Aurkezpenean, Lakuako ordezkariaz eta ACB Ligako euskal taldeetako presidenteez gain -Josean Kerejeta, Pedja Savovic eta Gorka Ramoneda-, Euskadiko Saskibaloi Federazioko presidente Arturo Aguado, Gasteizko alkate Patxi Lazcoz, Arabako ahaldun nagusi Xabier Agirre eta Euskalteleko -Kopa honen babesle nagusia- idazkari nagusi Francisco Javier Allende izan ziren, eta guztiak bat etorri ziren asmo horrekin.

«Hiru euskal talde gaude ACB Ligan, eta Kopa hau indartzea espero dugu, etorkizunean Kataluniako `Lligak' izan dezakeen antzeko indarra eta ospea izan dezan», adierazi zuen Josean Kerejetak, esaterako.

Atzo aurkezturiko Euskal Kopak errotzeko borondatea daukanez gero, aurtengo ekitaldiaz gain, beste bi ekitaldi ere bermaturik izango dituela ere jakinarazi zuten. Oraingo honetan finala Gasteizen jokatuko delarik, 2012an finalerdia Lagun Aro GBCek eta Baskoniak jokatuko dute, eta, ondorioz, finala Bilbao Arenan izango da. Hirugarren edizioan, 2013koan, bilbotarrek eta gasteiztarrek jokatuko dute aurreneko partida eta bertoko irabazleak Gipuzkoa Basket izango du zain finalean.

Finalerdietako partida hilaren 14an Donostia 2016 Arenan jokatuko dute, 20.30ean hasita, Lagun Aro Gipuzkoa Basketen eta Bizkaia Bilbao Basketen artean. Finala, berriz, hilaren 28an, San Prudentzio egunean, finalerdiko irabazleak eta Caja Laboral Baskoniak, hau ere 20.30ean. ETBk, Euskaltelen webguneak eta Baskoniaren twitterrak zuzenean eskainiko dute torneoa.

Garaia aldatzeko aukera

Liga amaitzear eta play offak hastear daudenez -Bilbao Basket eta Baskonia bertan izango dira, oker handirik ezean-, nahikoa ezustean harrapatu du Euskal Kopak jendea. Izan ere, Katalunia eredutzat hartuta, ohikoena halako torneoak denboraldia hasi aurretik jokatzea da.

Horren harira, presidenteek zabalik utzi zuten hurrengo ekitaldiak beste sasoiren batean izateko aukera. «Datorren urtetik aurrera ikusiko dugu noiz den datarik egokiena Euskal Kopa jokatzeko», onartu zuen Josean Kerejetak.

Dena den, «jendeak gozatu ahal izatea» da lehenetsi beharrekoa, Pedja Savovic-en iritziz. «Egutegia oso estua da denontzat, baina garrantzitsuago deritzot torneo on bat izango dela eta jendea gozatzera etorriko dela. Euskal saskibaloian maila ona dago, eta denon artean lehia eder askoa egingo dugulakoan nago».

Gorka Ramonedaren iritziz, berriz, «Euskal Herriarentzat Euskal Kopa aurrera ateratzea oso garrantzitsua da. Horregatik, jendeak garrantzi hori ulertuko duela uste dugu eta pabiloiak beteko dituela».

Bestalde, Gipuzkoa Basketek ohar baten bidez jakinarazi zuenez, abonatuek txartelarekin zuzenean sartu ahal izango dute pabiloira Bilbao Basketen aurkakoan. Pistako sarrerak biharko partidan jasoko dira kantxan bertan. Horrez gain, klubeko bulegoetara txartelarekin bertaratzen diren lehenengo 150 abonatuei sarrera bana oparituko diete.

Gainerakoek ordaindu egin beharko dute. Sarrerak www.gipuzkoabasket.com webgunean eros daitezke, baita GBCko bulegoetan ere, 9.30etik 13.30era eta 16.30etik 18.30era. Partida egunean, Donostia 2016 Arenako leihatilak bi ordu lehenago irekiko dituzte.

euskal jaia

Euskal Kopako animazioa euskal folklorearen eskutik etorriko da. Euskal dantzak izango dira, baita txalaparta erakustaldia eta kale animazioa ere, eta argiztapen berezia. Ume talde batek ikurrina eramango du.

diru laguntzak

Euskal Kopak ia milioi erdi euroko aurrekontua du. Erdia pasa, 250.000 euro, Euskaltelek jarri ditu. 50.000 euro ipini dute bai Lakuak, bai Iberdrolak, eta Arabako Aldundiak eta Gasteizko Udalak, 30.000 euro bakoitzak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo