«Tolosa menderatzeko oso baloi gutxi galdu behar ditugu»
Biarritz taldeko entrenatzailea
Jean Michel Gonzalez izar bat da Biarritzen. Jokalari zela tituluak eskuratu zituen, eta orain entrenatzaile moduan berriro ere onenen artera eraman du taldea. Iaz Heineken Kopako finala jokatu zuten, eta irabazi ez bazuten ere, gertu izan ziren. Aurten iazko errebantxa hartzeko prest daude. Taldea prest ikusten du berak, eta hemendik aurrera berri onak ekartzea espero du.
Jon LEUNDA
G onzalez itxaropentsu eta gogoz dago bihar Stade Toulosainen aurka (17.30) jokatuko duen Heineken Kopako final-laurdenetako partidaren atarian, baita denboraldi amaierari begira ere. Lehenengo, ordea, biharko neurketa du buruan, garaipen batek indar handia emango baitio talde zuri-gorriari.
Iazko finalaren errebantxa hartzeko gogoa izango duzue ezta?
Dudarik gabe, bestela ezingo dugu finalerdietan izan. Kontuan hartu behar da iazko finalean ez genuela partida ona egin, ez genuen geure maila eman, eta hura konpontzeko aukera bat ere badugu bihar.
Horren faborito garbia al da Tolosa?
Egungo txapeldunak dira eta Ligan ere finalerdietan sartuta daude. Beraz, normala da zaleek faborito garbitzat hartzea, baina kanporaketa partida bakar batera jokatzekoa da, eta gu arituko gara etxean. Beraz, horretaz baliatu behar dugu.
Tolosak Anoetara egin zuen azkeneko bisitan astindu handia hartu zuen Avironen aurka, eta gero zuek baionarrak astindu zenituzten. Ez al dira baikor izateko moduko erreferentziak?
Horrela begiratuta bai, baina honelako partida baten atarian erreferentziak ez dute ezer askotarako balio. Avironen aurka Anoetan jokatu zuenean garbi ikusi zen Tolosa menderatu daitekeela, haiek ere ez dituztela beti egun onak izaten, eta guk hori hartu behar dugu kontuan.
Kanpoan ez geratzeko zer egin behar du Biarritzek?
Hasteko, baloi gutxi galdu, bai eskasetan, uztartzeetan, ostikoetan, baloi gutxi galdu behar dugu. Baloiak galtzen hasten baldin bagara, erraztasun handiak emango dizkiogu Tolosari eta orduan irabazteko aukera gutxi geratuko zaigu. Gero, defentsan gure lana ongi egiten badugu, uste dut aukerak ditugula garaipena lortzeko.
Honelako partida bat Anoetan jokatzea ona al da?
Bueno, Anoetan etxean bezala aritzen gara, badira urte batzuk han urtean partida bat baino gehiago jokatzen ditugula, eta beti oso ongi moldatu izan gara. Orokorrean lortu ditugun emaitzak oso onak izan dira, eta horrek ez du aitzakia izan behar. 32.000 ikusle izango dira bertan, zelaia gainezka, eta ia denak gure aldekoak. Uste dut mesede egingo digula, horrelako giroa ikusteak, jokalariei ere indarra ematen baitie.
Nola heldu dira jokalariak neurketa honetara?
Orokorrean ongi. Jadanik apirilean gaude, eta beti nabaritzen da nekea, baina bestela ongi. August bakarrik dugu kanpoan min hartuta, eta hori berri ona da. Tenore honetan kolpatu bakarra izatea, berri ona da, normalean gehiago izaten baitira. August jokalari oso ona da, baina talde handi bat dugu, eta seguru nago bere ordez zelairatzen denak ere lan oso ona egingo digula. Iaz garai honetan askoz ere kolpatu gehiago izan genituen, eta alde horretatik askoz ere hobeto gabiltza.
Pasa den astean Ligan itxura kaskarra eman zenuten, eta horrek kezka sortu du zaleen artean. Zer esango zenieke?
Normala da. Pasa den astean oso partida txarra egin genuen, gauzak gaizki atera zitzaizkigun, eta sei entsegu jasota amaitu genuen. Ulertzekoa da zaleen artean nolabaiteko kezka sortzea, baina nik uste dut hura istripu bat izan zela. Orain gutxi Avironi sekulako astindua eman genion, eta ondoren guk hartu genuen. Baionarrak gure aurka ez zuten beren maila eman, ezta gutxiago ere, eta guk ere pasa den astean ez genuen geure maila eman. Orain, garbi izan behar dugu baita ere, Clermonten aurkako hutsegite berak errepikatzen baldin baditugu ez dugula ezer egiteko aukerarik izango, baina ez dut uste gauza bera egingo dugunik.
Tolosa menderatzea ez al da ligarako ere oso baliagarria izango ?
Dudarik gabe. Irabazita Heineken Kopako finalerdietan izango ginateke, eta Ligako lehen fasean geratzen diren partidetarako sekulako indarra emango liguke. Konfiantza handia hartuko genuke. Galtzen badugu, sekulako kolpea izango da, eta saiatuko gara gero eraginik ez izaten, baina ez da erraza izango. Neurketa oso garrantzitsua izango da igandekoa, eta hori denok oso garbi daukagu.
Liga eta Europa, bietan buru-belarri sartuta zaudete. Buruz zer moduz heldu da taldea azken txanpa honetara?
Nire ustez oso ongi. Iaz, tenore honetan, Europan bakarrik genituen aukerak. Ligan ez genuen ezer egiteko paradarik, eta gure indar guztia jarri genuen Europan, eta ia-ia lortu genuen txapela. Aurten bai Ligan, bai Europan finalerdiak jokatzeko aukerak ditugu, eta hori gauza handia dela uste dut. Beraz, jokalariek badakite guztia nola dagoen, eta ikaragarrizko ilusioarekin daude, eta pentsatzen dut azken txanda gogor honi aurre egiteko prest daudela.
Biarritzek tituluren bat lortzearekin amets egin al dezake aurten?
Amestu beti amestu daiteke, eta aukerak baditugu, hori bistakoa da. Ez da erraza izango, talde asko daude-eta helburu berarekin, eta denek ezingo dugu garaipenik lortu. Oraingoz hor gabiltza, eta horretan borrokatu behar dugu. Iaz ia irabazi genuen bat, eta aurten saiatuko gara bat lortzen. Oraingoz bietan gaude bizirik, eta hori handia da.