GARA > Idatzia > Iritzia> Gutunak

Ana Gomez | Gasteiz

Hizkuntzak

Hizkuntza, edozein hizkuntza: Sustraiak, taupadak, ortzadarraren koloreak, lurra, kultura, politika, hezkuntza, sentimenduak.

Bi astean behin, munduan dauden 6.500 hizkuntzetatik bat hil egiten da. Mundua ulertzeko modu bat ere hiltzen da, jakinduria bat, antzinako eta etorkizuneko milaka belaunaldi. Ez dira heriotza naturalak, gehienetan arrazoi politikoak dira. Hemen frankismoaren garaian gaztelania ez zen beste edozein hizkuntza bezalakoa, inposaketa zuzenen bitartez. Gaur egun, berriz, estrategia sotilagoak erabiliz.

Urte batzuk daramatzat herri honetan eta gero eta gehiago hunkitzen naute euskararen koloreek. Hasieran ezin nuen euskaraz hitz egin, ezta ulertu ere. Gero esfortzuz eta jendearen laguntzaz, nire lehenengo urratsak eman nituen. Orain euskaraz abesti bat edo liburu bat irakurtzen dudan bakoitzean, nire sustraiak lur honetatik elikatzen dira, jendearekiko harremanek konplizitatea sorrarazten didate.

Herri txikia gara, eta egunero milaka pertsona ari dira lanean gure lurra zaintzeko, gure nortasuna ez galtzeko, gure hizkuntza bizi dadin. Hizkuntzek eta zuhaitzek elkarren antza dute: «uztaietan dute antza». Hizkuntzek belaunaldietan dituzte uztaiak. Maitatu, zaindu eta, batez ere, mintzatu. Hasi da Korrika.

Mila esker nire gurasoei galegoa emateagatik eta mila esker bizi naizen herri honetako jendeari euskara emateagatik. «Nekez uzten du bere sorterria sustraiak han dituenak. Nekez uzten du bere lurra zuhaitzak, ez bada abaildu eta oholetan».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo