GARA > Idatzia > Iritzia> Gutunak

Xabi Larrabe | Arratia

Xabier Kintanari, Jon Juaristiari buruz

Xabier, Euskal Herrian euskara batzorde asko dugu, administrazioetan, enpresetan... Denen helburua dagokien erakundean euskara bultzatzea da eta, euskaldunak zein erdaldunak izanda, funtzio hori betetzeko aukeratuak izan dira.

Jaurlaritzaren Euskararen Aholku Batzorde horretan parte hartzeko pertsona egokienak aukeratzean, pertsona gehienoi etxea aukeratzeko orduan gertatu zaigun moduan gertatu zaie: zein izan daiteke egokiena?

Izan ere, etxe bat erostean aldeko eta kontrako faktoreak aztertzen ditugu. Aldekoen artean, etxebizitzak argitasuna izatea, handia izatea, gelak ondo banatuta egotea, kokapen egokia... Kontrako faktoreak ere egon daitezke: argitasun gutxi, zentrotik urrun egotea, autobide baten ondoan egotea... Askotan, aldeko faktore asko baino, garrantzitsuena kontrako faktorerik ez edukitzea izaten da.

Xabier, zure artikuluan diozunez, Jon Juaristik aldeko asko ditu, aspaldiko partez euskaraz hainbat idatzi eta euskal kulturan murgilduta egon zelako. Baina Euskara Batzorderako aukeratuak izan direnetako bakar batek ere ez duen kontrako faktore handi bat dauka: une honetan ez du euskararekiko inolako interesik erakusten. Eta zalantzatik bazegoen, «Abc»-ko bere artikuluan berretsita geratu da.

Xabier, ez ditut izendapen hau kritikatu dutenak ezagutzen; zuk, antza, bai, «ez gaitezen gehiago hipokrita hutsak izan» idatzi duzulako. Gehiegi, ez? Hemen inor ez da sartu Juaristik pentsatzen duenarekin, hori pentsatuta euskara bultzatzeko batzordean sartzeagatik baizik. Zuk, enpresa bat zuzenduko bazenu, prebentzio batzordean, obran kaskorik ez erabiltzeaz gain, besteei gauza bera egiteko aldarrikatzen dabilen langile bat sartuko zenuke? Euskaltzaindian batzorde asko dago eta horietan hainbat jende dabil laguntzen. Sartuko zenuke laguntzeko prest ez dagoen pertsona bat? Ez luke zentzurik izango, ez?

Gainera, denok badakigu Jon Juaristiren izena PPk «iradoki» diola PSOEri eta hori da, benetan, gai honen atzean dagoen arazoa. Gure hizkuntzaren kontra modu sistematiko batez ari den alderdi batek, bere sostenguaren truke, izendapen hori exijitzea... Euskararekiko eta Euskararen Aholku Batzordearekiko sentitzen dutena ondotxo erakutsi digute. Eta hori kritikatzea ez da hipokrita izatea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo