Lakuak kostaldea babesteko ez duela ezer egin salatu dute Bizkaiko ekologistek
Uribe Kosta-Butroe eremuan biotopo babestuaren izendapena bultzatzeko ardura hartu bazuen ere, Lakuako Gobernuak ez duela horretarako beharrezkoak diren pausoak eman salatu dute Bizkaiko talde ekologistek.
GARA | BILBO
Barrika, Plentzia, Gorliz eta Lemoiz udalerrietan biotopo babestuaren izendapena lortzeko kanpainari ekin zioten 2010eko udaberrian Eguzki, Ekologistak Martxan, Lanius, Txipio Bai eta Txirpial taldeek.
Orduan, Lakuako Gobernuak begi onez ikusi zuen ekimena, eta EHUri txosten bat egiteko agindu zion, eskualde horretan dauden ingurumen-balioak babesteko neurri eraginkorrenak zeintzuk diren aztertzeko.
EHUk egindako txostenaren arabera, gomendatzekoa da Uribe Kosta-Butroe inguruari biotopo babestuaren izendapena ematea. Bide batez, Europako legediaren arabera Lakuako Gobernuak naturguneak babesteko beharra duela gogorarazten zuen EHUren txostenak.
Horrekin batera, 2010eko urrian Bizkaiko Batzar Nagusiek mozioa onartu zuten, eskualdea biotopo babestu izendatzeko eskatuz Lakuari. Azaroan eta abenduan, berriz, Gorliz, Plentzia eta Lemoizko udalek eskaera bera berretsi zuten.
Horiek horrela, joan den urtarrilean Lakuako Bioaniztasun zuzendari German Campok txostenaren garrantzia nabarmendu zuen, eta ildo beretik, 2011. urtea amaitu baino lehen biotopo babestu izendatuko zutela nabarmendu zuen otsailean Lakuako prentsa bulegoak.
Halere, talde ekologistek nabarmendu dutenez, biotopo babestuaren izendapena gauzatu ahal izateko, enpresa espezializatu bati Uribe Kosta-Butroe inguruko baliabide naturalak arautzeko plana egiteko eskatu behar diote.
EHUren txostena jaso zuenetik hiru hilabete eta erdi pasa badira ere, Lakuako Ingurumen Sailburuordetzak ez duela pausorik eman salatu dute Bizkaiko ekologistek.
Hori dela eta, taldeok honakoa eskatu diote Lakuako Gobernuari: esandakoa betez, beste erakunde batzuek (Bizkaiko Batzar Nagusiek eta Plentzia, Gorliz eta Lemoizko udalek) zein eskualdeko gizarte zibilak eskatzen dutenari jaramon eginez eta legeak ezartzen dizkion betebeharrei erantzunez, Uribe Kosta-Butroe eremua babesturiko biotopo izendatzeko, espekulazio urbanistikotik babesteko.