Binakako Promozio txapelketa
Zaildu gabeko txapeldunak
Nafarrik gabeko final honetatik, Olaetxeak bakarrik jokatu du halako partida bat profesional gisa, 2008ko bigarren mailako lau eta erdiko txapelketa.
Jon ORMAZABAL
Bestelako erabilerak ere badituen arren, eguraldiak eta denboraren joanak zaildutako buruak hotzetik babesteko erabiltzen dira txapelak. Gaur Tolosako Beotibarren banatuko dituztenak, ordea, urrun daude oso helburu horretatik. Pilotalekuetan hasiberriak diren arren -Gorkak eta Merinok oraindik ez dute urtebete eman profesionaletan- prenda preziatua janzteko aukera egokitu zaie Olaetxea-Albisu eta Gorka-Merinori, eta inork ez du momentua alferrik gehiago luzatzen utzi nahi.
Denak bezala, txapela janzteak ere bere teknika eta estiloa eskatzen ditu -galde diezaietela bestela Euskal Herrian edonolako probak irabazi dituzten kirolariei- eta arte horretan Mikel Olaetxea da esperientzia duen bakarra. Lehen aldi guztiek izaten dute bere zailtasuna eta finalak ez dira salbuespenak, beraz, alde horretatik Asegarceko gipuzkoarrek aldetxo bat izan dezakete. Lizartzako aurrelariak, gainera, asko sufritu behar izan zuen 2008. denboraldiko bigarren mailako lau eta erdiko finalean, Mendizabali tanto bakarraren aldeaz irabazteko.
Albisuren arantza
Albisuren kasuan, ez zen final bat izan, baina orain gutxi tentsio goreneko partida bat jokatu berri helduko da Tolosako zitara. Izan ere, hilabete ere ez da Asegarcek Patxi Ruizen ordezkotzat aukeratu zuela bera, Oinatz Bengoetxearekin lehen mailako binakakoan finalerdietan sartzeko partida erabakigarria jokatzeko.
Hamar tanto egin beharraren presioak lotu egin zituen bai ataundarra, bai Oinatz Bengoetxea, eta esperientzia ez zen oso ona izan atzelariarentzat, baina halakoetan asko ikasi ohi da eta ez dago gaurkoa baino aukera egokiagorik ikasitako lezioa praktikan jartzeko.
Dena den, pronostiko zaileko finala dugu gaurkoa eta Gorka eta Merino I.a errioxarrek ere badituzte apustuak euren aldera bideratzeko motiboak.
Estatistika hutsak diren arren, eta halakoek hausteko baino balio ez omen duten arren, elkarren aurka txapelketa honetan jokatutako hiru partidak Aspeko pilotarien zorrora erori dira, nahiz eta laurak batera partida bakarrean aritu diren.
Iruñean jokatutako lehen itzuliko joaneko partidan Alberto Ongayk hartu zuen Gorka lesionatuaren lekua eta 22-15 irabazi zuten. Aspekoen etxean, Logroñon, aritu ziren laurak batera eta orduko emaitza 22-14koa izan zen errioxarren alde. Azken lehia finalerdietako ligaxkako azkena izan zen -Zabala Albisuren lekuan- eta emaitza errepikatu zen, Asegarcekoek jokoan ezer ez zutela.
Dos grandes parejas se miden en el estelar de Galarreta. Urriza está inabordable en los cuadros alegres y Juaristi deberá multiplicarse en defensa. Atrás, Urrutia querrá imponer su poder.
La cesta se encuentra de luto por la triste noticia del fallecimiento de Igor Esnaola, un pelotari amateur de Mutriku de 37 años que murió ayer de manera repentina.