Xabier Izaga Irakaslea
Trebiņuk merezi du
Nik ez nuen Korrikaren lehenengo edizioan parte hartu, haren berri banekien arren. 1980ko azaro hura baino lehen Afrikako iparraldera jo nuen, soldadutzara, hain zuzen. Aukeran, ordea, geratu egingo nintzen seguruenik. Lehenago, 1979-80 ikasturtean, AEK-ko irakasle izan nintzen. Garai hartan euskara irakasleren batek D titulua delakoa izango zuen (artean ez zegoen EGArik), eta tartean irakasle ikasketak egindakoak ere baziren, baina askok ez genuen inongo titulaziorik euskararen irakaskuntzari dagokionez. Bestalde, prestakuntza eskas hartaz gainera, ez genituen gaur egungo baliabide didaktikoak. Hala ere, jendeak ikasi egiten zuen. Irakasleok merituren bat izango genuen, nonbait, eskolak ematearen truke sosik ez jasotzea besterik ez bada ere, baina meriturik handiena ikasleena zen. Eduki guztiak motz geratzen zitzaizkien, gehiago nahi zuten beti; kalera irten orduko, berrogeita bat hitzeko euskal hiztegia astintzen hasten ziren, gaurko euskalakarien eredu. Jakin-min aseezina zuten. Motibazio ederra.
Hogeitaka urte geroago, berriro joan nintzen irakasle euskaltegi batera. Eta ikasleek, zenbait ikaslek behintzat, ikasten ari zirenaz gainerako kontuak barik, ea zer metodologia nerabilen eta, lehen-lehenik, zer titulazio nuen galdetzen zidaten. Ikasle haiek, haietako zenbait behintzat, behartuta ari ziren ikasten. Eta hori ez da motibazio ederra; hala ere, ez da makala. Euskal Herrian, zoritxarrez, gutxik behar dute euskara, eta horietako askok titulua lortu arte baino ez.
Herenegun Korrikaren 17. edizioa hasi zen, Trebiñun. Trebiñuarrak arabarrak, euskal herritarrak dira, historiaren eta geografiaren logikan eta, batez ere, beraiek hala nahi dutelako. Horregatik nahi dute, halaber, Arabako Administrazioaren esparruan bizi, Arabako Administrazioak hala izan dadin aparteko ahaleginik egin duela esan ezin bada ere. Trebiñuarrak ez daude euskara ikastera behartuta; hala ere, Trebiñun, oztopo guztien gainetik eta diskurtso pozoitsuen azpitik, gero eta euskaldun gehiago dago, ikastola eta euskara elkartea dituzte... Arabako lurralde administratiboa izan arte itxaron gabe. Dirudienez, AEK-k trebiñuarren motibazio eder hori sumatu eta aurtengo Korrika Trebiñutik abiatzeko erabakia hartu zuen. Trebiñuarrek merezi dutelako. AEK-k merezi duelako.