GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Xabier Gereño, euskarari lotutako bizitza

Laurogeita sei urteko bizitza luzea iruditu dakieke batzuei; beste batzuei, berriz, laburra. Xabier Gereñoren kasuan, denboraren neurria bazter utzi eta haren eginak neurgailu hartuta, luzea izan da, zalantzarik gabe, haren obra handia eta askotarikoa da eta. Bizitza horren ezaugarri bakar bat nabarmendu beharko balitz, berriz, Euskal Herriko kulturari eta hizkuntzari lotua izan dela azpimarratu beharko litzateke. Txistua eta dantza, euskara eta euskal kultura bizi oso bateko ardura izan zituen; baina, gogobetetasun iturri ez ezik, arazo ugarirena ere bihurtu zitzaizkion, esate baterako, euskara irakasteko akademia bat sortzen saiatzeagatik eta zenbait urte geroago euskal abesti bat baimenik gabe argitaratzeagatik kartzelatu zutenean. Euskaldun askok gogoratuko ditu gaztetan edo ez horren gaztetan, ikastolan zein euskaltegian, irakurritako nobela laburrak, Xabier Gereñok euskara erraz hartan erruz idatzi zituenak. Bere lanbidea ere euskararekin uztartu zuen Gereñok; izan ere, Euskaltzaindiko kontabilitatea antolatu zuen 80ko hamarraldian, eta bertan sortu zituen euskarazko ereduak enpresa askorentzat guztiz baliagarriak izan dira.

Xabier Gereño, euskal kulturari lotutako bizitza oso bat, iraungi egin zen atzo; hala ere, luzea izan zein laburra izan, bizitza emankorra eta, halaber, iraunkorra.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo