GARA > Idatzia > Kultura

Xabier Gereño hil da, euskalgintzaren suspertzaile eta idazle oparoa

Alde batetik, euskalgintzaren bultzatzaile eta eragile izan da; bertzetik Euskaltzaindiko langile eta euskara batuaren zabaltzaile; eta hirugarrenik liburu erakargarri eta gozagarrien idazle. Halaxe marraztu zigun Andres Urrutia euskaltzainburuak atzo zendutako Xabier Gereño ohorezko euskaltzain bilbotarraren profila. Guztira 150 liburu idatzi zituen, inork aztertzen ez zituen gaiei buruzkoak, gainera. Nobela beltza euskaraz egin zuen lehenetakoa izan zen.

p046_f01.jpg

Maider IANTZI | BILBO

Atzo hil zen, 86 urte zituela, Xabier Gereño ohorezko euskaltzain bilbotarra, eta heldu den astelehenean izanen da hileta, 19.00etan Deustuko San Pedro elizan. Euskaltzaindiko bere lankide batzuekin mintzatu zen GARA eta egindako lanaren balioa nabarmendu zuten denek. Jose Luis Lizundiak, adibidez, «batez ere frankismo garaian eta gero ere euskalgintzaren eta kulturgintzaren erraldoi bat» izan zela adierazi zuen, «bera gizon apala bazen ere».

Azaldu zuenez, Cinsa argitaletxearen bidez kantu txapelketak antolatu zituen eta hainbat eta hainbat disko eta liburu kaleratu euskaraz. «Uste dut kopuru aldetik bera izan dela idazlerik ugariena, bereziki inork aztertzen ez zituen gaiak aztertzen zituen, gainera: nobela beltza, historikoa...».

Lizundiak aipatutako bigarren alderdia Euskaltzaindiko lana izan zen. «Kontu eramailea izan zen eta lan handia egin zuen. EITBko lehenbiziko administrazio kontseiluko kidea ere izan zen eta hor ere emaitza eta aholku interesgarriak utzi zituen. Lehenbiziko lerroan jarriko nuke Gereño bai euskalgintzan eta bai kulturgintzan», baieztatu zuen. Mitxelena, San Martin, Txillardegi, Villasante aipatu zituen eta halako jendea ez dela egunero jaiotzen ohartarazi zuen. «Zahartzaroan ahaztuta gelditzen dira, ordea, eta belaunaldi berriek ez dituzte ezagutzen, edo beren azkenengo liburuak ezagutzen dituzte», erran zuen.

Euskaldun berrientzat

Andres Urrutia euskaltzainburuak ere hitz onak izan zituen Xabier Gereñorentzat. «Euskalgintzaren suspertzaile, bultzatzaile eta eragile izan zen; Euskaltzaindiko langile fin ere bai. Konpromisoa izan zuen Euskaltzaindiarekin eta beste erakunde batzuekin eta euskara batuaren zabaltzaile izan zen; hirugarrenik, idazle bezala gogoratu eta goratu nahiko nuke».

Urrutiak azpimarratu zuenez, euskara erakargarri egiten zuen idazlea zen, batez ere euskara ikasten ari direnentzat, eta hori hari gozo batekin, gai dibertigarri batekin, azken batean euskara gozagarri eginez lortzen zuen.

1924an jaio zen idazle oparo hau Bilbon. Garai hartan ez zen batere euskararik aditzen kalean eta berak amarengandik jaso zuen. Gero, meza-liburuen laguntzarekin sakondu zuen.

Merkataritza Ingeniaritza egin zuen Bilbon bertan, baina 36ko Gerra etorri zenean, aita lanetik bidali zuten eta Kanarietako Las Palmas hirira alde egin behar izan zuen familia osoak. Hango goi mailako Merkataritza Eskolan ibili zen eta sorterrira itzuli zenean Merkataritza Intendente ikasketak bukatu zituen. Solfeoa eta pianoa ikasi zituen, gainera.

Gereñok berak 2003an «Jakin» aldizkariarekin izandako elkarrizketa luzean azaltzen zuenez, ikasketak amaitu eta hurrengo egunean hasi zen lanean, La Aeronautica SA enpresan. 36 urte eman zituen han; erretiratu aitzineko urteetan, aldiz, Euskaltzaindian aritu zen.

«Ikusi nuen ordura arte ez zela kontabilitate-lanik egin; hori horrela, auzi horri serio heltzea planteatu nuen. Orduan ez zegoen euskarazko terminologiarik. Beraz, guzti-guztia erdaraz planteatu eta gero zerrenda egin nuen».

Euskal Herriko Txistularien Elkartea sortu zuen, baita San Anton orfeoia ere. Aurrena euskaltzain urgazle izendatu zuten, eta gero ohorezko.

NOBELA BELTZA

«Idazten hasi nintzenean euskarazko polizia-eleberririk, adibidez, ez zegoen ia. Nik argi ikusten nuen, ordea, Europako literatura guztietan oinarrizko obrak zirela», azaldu zion Xabier Gereñok «Jakin» aldizkariari.

Xabier Kintana euskaltzainaren gutuna

Lagunaren heriotzaren berri izan ondotik, Xabier Kintana euskaltzainak eskutitz bat idatzi zuen haren ibilbideari buruz. Bertan azaldu zuen, adibidez, gaur egun euskal literaturak lortu duen maila ikusita, agian batzuek apalegi iritziko diotela Xabier Gereñoren lumaren orduko euskal emaitzari. «Halakoek pentsatu beharko lukete, neurri handiz, gaurko idazle handien irakurle ez gutxi Xabierren behialako nobela xume eta erraz haietan hasi zirela beren lehen pausoak euskal letretan ematen».

«Argi zekusan Gereñok erdaraz ongi beterik zeuden arlo oinarrizkoenak ere hutsik zeuzkala oraindik gure euskarak: euskal loteria-jokoa, haurrentzako ipuinak, nobelatxo errazak, oinarrizko lexikodun irakurgaiak, Bizkaiko euskaratik abiaturik euskara batuaren hondartzan oinak bustitzen hasten ziren irakurleentzako materialak, umore-gaiak, protagonista jakineko nobelak (`Jurgi kapitaina', `Kikili eta Kokolo'...), bai eta egunerokotasunean oinarrituriko istorioak ere: `Andereño', `Gadafi hiltzeko agindua', `Jomeiniren paradisuan', `Kuwait-en harrapatuak', `Drogen munduan' eta `Pateran etorria', adibidez».

«Durangon 1965ean euskal liburu eta disko azoka antolatzen hasi zenetik, hastapenean Andra Maria elizaren arkupe zabalean, hantxe izaten zen beti, bere senideekin, Xabier Gereño, bere euskal emaitzak euskal jendeari eskaintzen. Gogoan dut behin, hantxe ginela, R. Saizarbitoriari zorionak eman genizkiola bere azken eleberri bikainagatik. Berak, ordea, ironia umoretsuaz honela erantzun zigun: `Eskerrik asko, adiskideok, baina, halere, gehien eta ondoen saltzen direnak, Xabier Gereñoren liburuak dira'. Merezimendu horiengatik, eta guztiak banan-banan aipatzea luze joko liguketen beste askorengatik ere, Euskaltzaindiak Xabier Gereño euskaltzain urgazle izendatu zuen, bai eta ohorezko euskaltzaina ere. Euskaltzaindiaren ekonomia-kontularitza bere gain izan zuen 1980etik 1988ra. Bere emazte eta lagun zintzoa 1990ean hil zitzaionetik, Xabier Gereño pertsona nagusien egoitza batean bizi izan da, baina idazteari eta kultur ekintzak antolatzeari behin ere utzi gabe».

«Izan bitez lerro xume hauek haren oroitzapenaren goresgarri, eta bihoazkie beraren seme biei eta anai-arrebei nire doluminik sentituenak. Haren ahalegin nekaezinaz bere herriko lur onean ereindakoa, zorionez, non-nahi ari da gaur ernetzen, etorkizun euskaldunagoaren iragarle». GARA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo