GARA > Idatzia > Kultura

Sarrera guztiak agortuta, giroa ziurtatuta izango da Nafarroako Bertsolari Txapelketako finalean

Hemezortzi urteren ondoren, Iruñean izango da gaur Nafarroako bertsolari finala. Labriterako 1.300 sarrerak bukatu egin dira eta Info7 irratian eta Bertsoa.com gunean zuzenean jarraitzeko aukera izango da.

p047_f02_96x120.jpg

A. ARRUTI | BILBO

Ikusmina sortu duela argi gelditu da. Nafarroako Bertsolari Txapelketako finaleko sarrera guzti-guztiak agortuta daude, eta beraz, gaur Iruñeko Labrit pilotalekuko leihatila ez da zabaldu ere egingo. Ateak bai, 15.45ean, eta zortzi bertsolari finalistak 17.00etan igoko dira oholtzara. 1993an egin zen azkenengoz Iruñean finala. Orduan Gaiarre antzokian jokatu zen eta Manolo Arozenak jantzi zuen txapela.

Julio Soto (Gorriti, 1987), Xabier Silveira (Lesaka, 1975), Estitxu Arozena (Lesaka, 1975), Jon Barberena (Elizondo, 1979), Julen Zelaieta (Bera, 1980), Eneko Lazkoz (Etxarri Aranatz, 1983), Oskar Estanga (Gaintza, 1978) eta Xabier Terreros (Lesaka, 1981) izan dira txapelketa hasi zuten 27 bertsolarietatik bukaeraraino iristea lortu dutenak. Guztiek dakite finalean kantatzea zer den, eta erdiek, «onddo beltza» janztea zer den ere bai.

Alaitz Rekondo eta Fernado Anbustegi arituko dira aurkezle lanetan eta epaimahaian Nerea Bruño, Saioa Mitxelena, Mikel Altzuarte, Gaizka Sarasola, Mikel Beaumont eta Josu Etxanobe izango dira.

Lehiatik baino gehiago, festa girotik izango du ziurrenik gaur arratsaldeko Nafarroako finalak, eta txapelduna zein den jakin ostean ere segida izango du, gainera. Behin Labriteko saioa bukatuta, triki-poteoa izango da Alde Zaharreko kaleetan barrena, eta parte-hartzaileek eta bertsozaleek Iruñeko Errotxapea auzoko sagardotegi batean egingo dute afaria, «txapelketaren eta finalaren kupela arteko balorazioa» egiteko. Hor ere trikitilariek alaituko dute giroa. Eta, amaitzeko, festak Iruñeko elkarte batean jarraituko du goizaldera arte.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo