Beste isuri bat topatu dute Japongo zentral nuklearrik zaharrenean
Onagawako zentralaren martxa ahalbidetzen zuten hiru sorgailu elektrikoetatik bi hondatu egin ziren herenegungo lurrikararen ostean, eta horren ondorioz ura isurtzen hasi da. Horrez gain, lau lagunen heriotza eragin eta zutik geratzen ziren etxeak ere eraitsi ditu lurrikarak.
GARA
Intentsitatez ahulagoa izan bazen ere, eta eraisteko ezer gutxi falta zela pentsatuta ere, hilabete eskasean gertatu den bigarren lurrikarak utzi du arrasto esanguratsurik Japoniako Sendai irlan. Izan ere, 60 eta 85 urte bitarteko lau lagun hil eta ehun inguru zauritu zituen Miyagi eta Yamagata probintzietan, eta erdi-kolokan zutik geratzen ziren eraikin apurrak ere lurrera bota zituen.
Osteguneko gauerdia baino ordu erdi lehentxeago jazotako lurrikarak bistako nahasmena eragin zuen herritarren artean. Sistema elektrikoa etetea eta errepide nagusiak ixtea eragin zuen dardarizoak Miyagi eta inguruetako probintzietan, eta atzo artean ez zuten etxeetara argia itzultzea lortu. Azoka eta merkatuak ere jendez gainezka aritu ziren goizeko lehen ordutik, jakiak biltzeari ekin baitzioten herritarrek, tankerako beste astinaldi baten beldur.
Aitzitik, izua ez zen horregatik bakarrik agerikoa, Miyagin bertan dagoen Onagawako zentral nuklearrean ere ur isuriak egon zirela eman baitzuten jakitera atzo. Pasa den martxoaren 11ko lurrikararen eta ondorengo tsunamiaren ondorioz argindarra eten zenez geroztik, hiru sorgailu elektrikoz funtzionatzen zuen Japoniako zentral nuklearrik zaharrena den horrek, eta herenegun jazotako dardarizoak, berriz, horietako bi hondatu zituen; energia gutxiagoarekin geratzeak zentraleko erreaktoreetako lanak tarte batez etetea ekarri zuen, eta hozte-sistema bertan behera geratu zen. Zentraleko ordezkariek ziurtatu dutenez, sorgailu elektrikoak konpontzeko ahaleginetan dihardute azken orduetan; «kezkatzeko arrazoirik» ez dagoela ere eman zuten aditzera, ordea, filtratzen den urak «ez baitu apenas erradioaktibitate zantzurik».
Azken asteetan Fukushimako zentralean zer-nolakoak jazotzen ari diren erreparatuta, alabaina, zalaparta saihestezina da. Horregatik, herritarrei lasaitzeko deia egin behar izan zien atzo Yukio Edano Gobernuko ordezkariak. Hain zuzen, Fukushimako jatorria duten produktuak kontsumitzeko debekuak indargabe uzteko aukera aztertzen ari direla eman zuen jakitera, herrialdea normaltasunera itzultzen ari den seinale gisa.
Pekin arduratuta dago Japoniak erradioaktibitatez kutsatutako 11.500 tona ur itsasora jaurti dituelako, eta kezka azaldu zuen atzo, Tokiori «segurtasuna eta ingurumena» zain ditzala galdeginez.