GARA > Idatzia > Euskal Herria

Kronika | Korrika 17

Zerumugarekin bat egin zuten Iruñeko «euskalakariek»

Iruñeak ez zuen hutsik egin eta bertako jendeak ere ez. Goizean goiz Sakanatik abiatu zen Korrikak Nafarroako hiriburua arratsalde amaieran hartu zuen, milaka «euskalakari» arineketan jarrita. Kaleak lepo eta antza amaierarik gabekoak, urrunetik dantzan egiten zuten herensugeak ziruditen.

p014_f03_097x132.jpg

Oihane LARRETXEA

Jendea, jendea eta jendea. Besterik ez zen ikusten 17. Korrikak Iruñeko lehen kaleak hartu zituenean. Berriozarretik zetorren martxak milaka pertsona bertaratu zituen hiribururaino eta urrats bakoitzean kopurua handitzen zihoan.

Buztintxuri auzoa zeharkatu zuen euskararen aldeko martxak lehendabizi, ondoren Sanduzelain sartzeko. Jendea, jendea eta jendea, euri zaparrada moduan. Bertan gertatzen ari zena ez ikustea ezinezkoa zen, eta hura ikusi ez zutenei edo ikusi nahi izan ez zutenei ere, ohi bezala, egin zieten erreferentzia. «Barcina, entzun, Iruña euskaldun!», oihukatu zuen bozgorailuak, gure hizkuntzak (batez ere) Nafarroan eta bere hiriburuan jasaten dituen erasoak ahaztu gabe.

Bideko harriez mintzatu zen alabarekin korrika egiten zuen ama batek Errotxapea auzoan. «Egoera larria» dela onartuz, halako ekintzen beharraz ohartarazi zuen «geure hizkuntzari denon artean bultzada emateko». Etorkizuna kolore alaiez margotu zuen, bere aburuz gero eta pertsona gehiago biltzen direlako euskararen alde. Hala ere, borroka oraindik ez dela amaitu esan zuen, eta beraz, lana egiteko garaia dela oraindik. Alboan zuen Manuel Velasco. Ez zen euskaraz hitz egiteko gai, bai ordea guztia ulertzeko eta saiatu zen zinez. Bihotzez «euskalakaria» zen. Atzokoa hamargarren edizioa zuen, beraz ia hastapenetatik hutsik egin gabe. «Guztia gutxi da euskararen alde. Zangoak lehertu arte, beraz, Korrika!», zioen aurrea hartu zuen bitartean.

Pankartaren aurrean, lekukoa eskuan hartu zuten, besteak beste, Enar Urdirozen seme-alabek. Iragandako irailean zendua, Urdiroz oso ezagun eta maitea zen auzoan. «Egin» egunkariko langile ohia eta euskal irakaskuntzaren bultzatzaile handia Errotxapean.

Martxak Txantrearako bidea hartu zuenean jendearen euri zaparradak ez zuen gelditzeko asmorik azaldu. Guztiz kontrakoa baino. Buruan zihoan furgonetatik urrunera begiratu arren ez zen amaiera ikusten: milaka buru, bata bestearen alboan gora eta behera, urratsaren inpultsuaz mugituta. Bertan ere egon zen euskal presoentzat tarte bat, eta Errotxapean bezala, argazkiekin gogorarazi zuten etxetik urrun daudela.

Une handienetako bat Korrika Alde Zaharrera heltzen denean izaten da. «Aizue, noiz izango da une hori?», galdegin zuten hiru amek aho batez. Haiekin zeuden umeentzat beranduegi lasterketan aritzeko, izan ere 22.46rako zegoen iragarrita. Ostiral gaua eta giro ederra, bi osagai parranda polita egiteko. Aurreko orduak tabernaz taberna eman zituzten gazte askok, girotzen hasteko.

Omenaldia Sehaska

Iruñera sartu ziren modu berean heldu ziren korrikalariak Sakanara. Belarri batzuei tira eginez. «Sanz entzun, Nafarroa euskaldun!» oihuak apurtu zuen atzo goizaldean paraje lasai hartako isiltasuna. Goizeko 7.30ak pasatxo zirenean Nafarroan sartu zen, Ziordian zehazki, eta jarraian etorri ziren Olazti, Altsasu, Urdiain, Iturmendi eta Bakaiku. Puntualtasun britainiarraz 9.14an Korrika Etxarri Aranatzera heldu zenean jendetza batu zen martxara, batzuk gosalduta eta beste batzuk ziur aski kafea hartzeko denborarik gabe, baina denak arin, eta hankak ederki astinduz errepidean aurrera egin zuten.

Mutiko irribarretsuak lekukoa heltzen zuen bitartean, korrikalariek ere bazuten zer heldu, aldarrikapenei tartea eskainiz: ikurrinak eta euskal preso politikoen argazkiek bat egin zuten taldearen martxarekin «euskararen alde denak gure artean ez daudela» gogoratuz.

Ez ziren horiek izan gogoan hartutako pertsona bakarrak. 17. Korrikak, edizio guztietan bezala, ez baitzuen ahaztu 1980. urtean egin zen lehenengo edizio hartan martxa Etxarri Aranatzetik pasatzen ari zela haur bat hil zela auto batek harrapatuta. Atzo ere, lore eskaintza egin zioten Korrika herritik igarotzean.

Omenaldientzat Korrikan beti dago tarte bat, eta Etxarriko haurrarenaren ondoren, Jose Mari Satrustegirena egin zen. Pertsonaia historikoa zen, bera izan baitzen lehenengo edizioko Korrikan aurreneko lekukoa eraman zuena. Horregatik bere arreba Pilarri lore sorta bat eman zioten etxeko atarian.

Eguerdirako tarte handi bat falta bazen ere, ordurako eguzkiak giroa biziki berotua zuen eta izerdiak kopetak eta arropak zeharo busti zituen. Baina aitzakiarik ez. Ama eta aita asko, seme-alabak besoetan batzuek eta kotxean beste batzuek, gogoz bultzatzen zuten. Aitziberrek Lakuntzan hamabost hilabeteko Ekain eta Julen bultzatu zituen karrotxoan eta Martak Mikel txikia atera zuen baita ere, lehen aldiz. Lau kilometro baino gehiago egin zituen Korrikan, pisu guztia sasoi handiz bultzatuz. Eta kemenaren adibidea, besteak beste, Oskar Lizarragarena. Asier kotxetxoan sartuta (25 kilo guztira), lekukoa eraman zuen txikiak, zer gertatzen zen ondo ez zekiela. «Egunen batean kontatuko diogu orain egiten ari denaren garrantzia», zioen aitak. Etxeberrin hasi ziren zangoak astintzen eta hamar kilometro baino gehiago egin zituzten. Ordurako ordea, Asier loak hartuta zegoen.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo