Josu Torre 2011/4/4
Zapatero, Sortu eta gu
Deia
Rodríguez Zapatero badoa agintetik. (...) Egiari zor, oraindik burutu ez diren konpetentzia batzuk sinatu zituela EAJrekin Lopez buruz gain pasatuz baina ez da batere zuhur eta jakintsu ibili Partiduen Legea sinatu eta maneiatzeko orduan, aukera edarrak galdu dituelako ezker abertzalearen esklusiban beretzat hartu nahi duen taldea legalizatzeko. Ziur nagoelako Espainian zehar hori legalizatzea eta, bakearen izenean, ETA gainditzea milaka eta milaka herritarrek ulertu eta aipatuko zuela. Inkestak ematen dizkion emai-tzak beste era batekoak izango litzake. Ez du adorerik izan, berandu ere badabil baina gogoratu behar da hainbeste Gorengo eta Konstituzio Epaitegi kontuan eduki beharrean Sortukoek paperekin joan zirenean, zigilua bota eta berriro Euskadira bidali bazituen larunbateko belarrondokoa berriro jaso beharrik ez zuela izango. Ezin duelako gustukoa izan zerbait erraza ez egitegatik Bilboko kaleak bere kontra egiteko betetzen direla ikustea. Berriro, ez delako lehenengoz. Bere erretreta iragartzen zuen egun berean.
Euskal Herritik haratago izan ditu eta ditu arazo mardulagorik estatu osoan. Dela ekonomia edo honi darion langabezia eta abar luzea baina ni gureaz ari naiz, zuzenean guri dagokionaz. Larunbatero bezala afalondo luzea egin genuen baserri batetako atarian. Solasaldian hemen edo gu hitzak agertzen ziren bakoitzean hemen edo gu horien tokia edo gizaki multzoa zehazteko eskatzen zuen Goizane nire lagunak. Solasaldi haren haritik landa joan gabe, ordu batzuk lehenago manifa Bilbon hemen izan zela argi zegoen. Ez hainbeste ordea, bertara joan ginen gu zenbat eta zeinek ginen. Zuhur aritu zen Egibar jauna aurreko egunetan, heurek inori hauteskunde kanpaina indartzeko prest ez zeundela adieraziz. Ni asko inozoagoa izan behar dut. Ni deiaren lemari lotu natzaion. Legalizazioari alegia. Jakin beza Egibarrek eta Sortukoek ez diodala batari ez besteari botorik emanen eta Bilbon izan nintzala.