GARA > Idatzia > Kirolak> Errugbia

Heineken Kopa

Anoetaren babesean, Biarritzek finalerdietarako bidea egin nahi du

Jon LEUNDA

Biarritzek etxean jokatzea baliatu nahi du, egungo txapeldun Tolosa mendean hartzeko. Gaur arratsaldean (17.30ean) Donostian, Anoetan jokatuko duen final-laurdenetako norgehiagoka irabazi eta finalerdietan sartzea du helburu. Bi talde hauek iazko finalean neurtu ziren, eta orduan Tolosak irabazi zuen.

Tolosa da faborito. Egungo txapelduna izateaz gain, Ligan ere ikaragarrizko denboraldia egiten ari da, eta finalerdiak zuzenean jokatzeko txartela ere ia eskuetan dauka. Okzitaniakoek, ordea, duela hilabete eskas erakutsi zuten Anoetan, Avironen aurka, ez direla garaiezinak, Donostiara egindako bisita horretan astindu handi samarra hartu baitzuten.

Biarritz ere sasoi onean helduko da, nahiz eta joan den astean Clermonten aurka itxura kaskarra eman zuen. Partidaren gakoa baloiak ez galtzea izan liteke, eta hori behin eta berriz esaten du Jean Michel Gonzalez taldeko entrenatzaileak. Jokalariei dagokienez, zuri-gorriek Augusten hutsunea bakarrik izango dute, orain bi aste, Anoetan, Avironen aurka min hartu baitzuen.

Biarritzen hamabostekoa honako hau izango da: Balshaw, Ngwenya, Bosch, Gimenez, Bolakoro, Peyrelongue, Yachvili, Coetzee, Marconet, Terrain, Thion, E.Lund, M.Lund, Harinordoki eta Lakafia.

Tolosak, berriz, honako jokalariak zelairatuko ditu: Heymans, Clerc, Fritz, Poitrenaud, Medard, Skrela, Bezy, Human, Servat, Jhonston, Milo-Chluski, Albacete, Boilhou, Nicolas eta Picamoles.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo