Berezkoak Binakakoaren final-laurdenak Parejas
Kurutxarik Etxetori bekainean emandako pilotakadak bertan behera utzi du Mauleko norgehiagoka
Jon LEUNDA
Finalerdiak nola jokatu behar ziren erabakita geratu behar zen atzo, baina bikote bat oraindik erabakitzeko geratu da, atzo Maulen jokatu zen partida ez baitzen amaitu.
Bertan, Bielle eta Kurutxari 26 eta 23 irabazten ari ziren Ezkurra I.aren eta Etxetoren aurka. Une horretan Kurutxariren pilotakada batek bekainean jo zuen Etxeto eta lapurtarra lurrera joan zen. Altxatzen saiatu zen, baina bekaina irekita zuen, zauri handi samarra, gainera, eta erietxera eramateko hautua egin zuten.
Kasu horietan arautegia oso garbia da, izan ere, pilotari batek aurkaria mintzen baldin badu, norgehiagoka hori errepikatu egin behar dela esaten baitu. Beraz, atzoko partida berriro ere hutsetik hasi beharko litzateke. Federazioak bihar duen bilkuran erabaki beharko du. Bi finalerdiak datorren asterako daude iragarrita, gero astebeteko atsedena izango da, eta hilaren amaieran finala. Tartean ikusi beharko da Etxeto noizko egongo den prest. Beraz, Waltarik eta Ximun Lanbertek itxaron egin beharko dute, oraindik ez baitituzte beren aurkariak ezagutzen.
Atzo Maulen ezin izan zen partida amaitu, baina herenegun gauean ez zen arazorik izan Senperen, eta bertan Intxauspek eta Ezkurrak lortu zuten finalerdiak jokatzeko txartela. Egutegia jarraituta, datorren ostiralean Arrangoitzen Ibarrolaren eta Janotsen aurka jokatuko dute.
Bikote lapurtarrak 40 eta 33 hartu zituzten mendean Laurent Lanbert eta Harizmendi, 86 minutu pilotan aritu ostean. Partida bera ona izan zen, nahiz eta bi zati ezberdin izan zituen. Lehenengoan, Lanbert eta Harizmendi aitzinetik aritu ziren, baina 17-17 berdindu ostean, Intxauspek sekulako erakustaldia egin zuen. Atzean, Paxkal Ezkurra ere ongi aritu zen, eta amaieran garaipen erosoa eskuratu zuten.
Markagailuak hauek erakutsi ziuten: 0-8, 3-10, 6-13, 7-16, 17-17, 28-21, 34-24, 37-28, 38-31 eta 40-33. Saketik Intxauspek zortzi kintze egin zituen, eta Lanbertek, berriz, lau.