GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

Kronika | Nafarroako bertsolari txapelketa

«Erre Labrit Julio», eta Juliok ez ezik, zortzikote osoak bete zuen agindua

Giroa, finalak merezi mailakoa. Eta finala, giroaren neurrikoa. Benetan saio ederra atzo Iruñean jokatutakoa, bizia, hunkigarria, umoretsua, koloretsua. «Erre Labrit Julio», zioen pankarta batek eta Juliok ez ezik, beste zazpiek ere agindua betetzea erabaki zuten. Azkenean, txapela, Sotorentzat.

p08_f01.jpg

Amagoia MUJIKA

Ixiltasuna eta zarata. Bietatik izan zuen atzo Iruñeko finalak. Oihuak, animoak, builak etengabeak izan ziren, giroa halakoxea zelako. Baina ixiltasuna ere izan zen, ixilune benetakoak, bertsoak barruan sortzen dituen zulotxo ixilak. Izan ere, une hunkigarriak asko izan ziren.

Sufritzen ari denari eskaini zion txapela, bere bigarrena, Julio Sotok. Berak ere akaso sufritu zuen pixka bat, batez ere Xabier Silveirarekin buruz buru- koa jokatu behar zuela jakin zuenean. Izan ere, azkenekoz egoera horretan egon zirenean, 2009. urtean, Silveiraren burura joan zen txapela. Atzo, ez; atzo, bigarren urtez jarraian, Soto txapeldun. Hori bai, aldea oso estua izan zen; lau puntu eta erdikoa.

Saioa benetan ederra izan zen, gozatzekoa. Eta berdin gozatu zuten Labrit lepo bete zuten 1.300 bertsozaleek eta baita oholtza gaineko zortzikoak ere. Bertsolariak, oro har, oso gustura aritu ziren, asko sufritu gabe. Edo, behintzat, itxura hori eman zuten.

Ariketa guztiak osatuta lehen bien artean 20 puntu baino gutxiagoko aldea zegoenez, buruz burukoarekin jarraitu zuen saioak. Luzea izan zen beraz, nahiz eta ez zen luzea egin. Sotok eta Silveirak jokatu zuten azken txanpa. Gaiak paradisura eraman zituen; Julio Adanen azalean jarri zuen eta Xabier, Evaren azalean. Bizi-bizi aritu ziren elkar zirikatzen eta Silveirak, batez ere, asko gozatu zuen. Sumatzen zen ideiak bata bestearen atzetik etortzen zitzaizkiola. Egoera estuetan, buruz burukoetan, giroa lehertzen artista da lesakarra. Buruz buruko kartzelakoa ere oso ona izan zen. Gaia, parekoa, Labriten eta finalaren azken txanpan: Pilotaria zara. Buruz buruko finala jokatzen ari zara. Hogeita bana dago partida eta azken sakea egitera zoaz.

Sotok, bigarrenean, ale bikain hau utzi zuen: «Miribillan jende pila/ emakumezko mutila/ biok txapel baten bila/ ta pelota borobila/ banoa pausoz tipi ta tapa, estutu dut ukabila/ atzera bista gero goruntza/ aurpegi zurbil-zurbila/ txapela dago aldi berean, urruna eta hurbila/ egin dut bote kolpe eman diot, bueltan dijoa gurpila/ kale edo bale, bale edo kale, baina bukatu dadila».

Silveirak azken kartzelakoan, buruz burukoan, Abel Barriola izan zuen gogoan. Aurreko kartzela benetan bikain josi zuen lesakarrak. Egia esan denek egin zuten kartzela txukuna, oso abiapuntu desberdinetik gainera. Gaia, honakoa zen: Gaur kalera atera eta zure etxeko paretan zuri buruzko pintada ikusi duzu.

Hauxe, Silveiraren lehena; «ETAren su etenetik guztia ez da zorion/ su etenari berari nahikoa kea zerion/ gezurra al da gauz txar bat bilakatzen dela bi on/ guk behintzat bake nahiari bakez erantzun genion/ pintadak esprai beltzean, Silveira maketo zion/ vas a morir eta gero falange eta tradicion/ egin duenari a zer egurra emango nion». Esandakoa, kartzela txukun josi zuten denek eta ariketa hori har daiteke arratsaldea izan zenaren adibidea. Denek, zortzi bertsolariek, ale onak utzi zituzten. Denek zuten atzokoan zer ospatu. Estitxu Arozena zen kantuan lehena. Aurretik seiko motzean egokitu zitzaion paperari tiraka, kartzelakoa ere emazteari tratu txarrak ematen dizkion eta terapia egitea erabaki duen gizonaren azalean abestu zuen. Aipatu seiko motzeko ariketan hiru ale bikain utzi zituen Arozenak. «Indarkerian gatibu/ ezin gara egon beti gu/ horregatikan terapiara behin nintzen hurbildu/ joan da denbora ta diru/ sendabidea testigu/ bide luzea duzu aurretik, baina merezi du», kantatu zion bera bezala terapiara gerturatu zen Oskar Estangari. Estitxuk, hasi eta bukatu, benetan saio ona egin zuen atzo.

Jon Barberenak kartzelakoan PSOEko zinegotzi baten azalean abestu zuen «herria ez duk maite hik» pintadaren aurrean. Barberenak ariketa guztietan utzi zituen ale onak. Nabarmentzekoa seiko motzean Eneko Lazkozekin egindakoa. Hiru urte ihesi egon eta gero semea atxilotu berri duten gurasoen ahotik jardun zuten. Eta Labrit, ixilik, hunkituta, korapiloa eztarrian. Arratsaldeko une berezi horietakoa izan zen.

Oskar Estangak entzulea ezustean harrapatzeko abilidadea dauka eta atzo atera zion etekina. Berak zer ikusiko bere etxeko pintada horretan eta «Gora Sahara bizirik». Eneko Lazkozek «Eneko Askatu» ikusi zuen pintada horretan. Nabarmentzekoa Lazkozen lagunen animoak eta berak probestu zuen harmailetatik jasotako indarra. Xabier Terrerosek «Zure borroka gure eredu da, ongi etorri etxera» irakurri zuen pintadan. Oso txalotuak izan ziren bere bertsoak. Julen Zelaietak berriz ere erakutsi zuen gaiei espero gabeko buelta emateko daukan gaitasuna. «...leituz hamaika pintada/ `Julen ez duzu ezer balio joan zaitez pikutara'/ Reala gaizki doala eta nere errua al da ba», bukatu zuen kartzelako lehena. Txaloak eta txalo gehiago.

Agurrean

Julio Soto agurrean bere gorputzari begira jarri zen; bi hanka, hanka artean ere bi, besoak bi, begiak ere bi, belarriak ere bat-bi, «guztia binaka daukat ta oraindik txapel bakarra», abestu zuen. Dagoeneko baditu bi. Oso hunkituta jaso zuen atzokoa.

Buruz burukoa

Sotok eta Silveirak jokatu zuten buruz burukoa, 2009an bezala. Orduan Silveirarentzat izan zen txapela eta aurtengoa, Sotorentzat. Baina lesakarrak behatz puntekin ukitu zuen aurtengoa ere. Bertsozaleak asko mimatu zuen berriz ere Silveira.

Zortzikotea

Maila oso onekoa izan zen finala; ez bertsolari batek, bik edo hiruk ale onak utzi zituztelako, zortzi finalistek saioa ezin hobeto josi zutelako baizik. Giroak ere izan zuen bere partea. Horrelakoxea da Nafarroako finala, festa handi bat.

Belarriak lehertu arte

Euskarak Nafarroan bizi duen egoera presente egon zen hasierako agurretan. Jon Barberenak, esaterako, honela abestu zuen «euskara baitugu maite/ kanta dezagun jo ta ke/ parlamentuko hautetsi batzun belarriak lehertu arte».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo