GARA > Idatzia > Kirolak> Mendia

Alpinismoa Igoerak

Alaskako gogortasunak ez ditu baldintzatu hainbat neguko jarduera

John Frieh eta Jason Stuckeyk Mt. Huntington-en bigarren neguko igoera sinatu dute 23 orduko joan-etorrian. Clint Helander eta Scotty Vincikek, berriz, Mt. Mausolusen lehen neguko igoera erdietsi dute.

p051_f01_148x192.jpg

Andoni ARABAOLAZA

Eskuarki, Alaskako mendietan egiten diren neguko jardueren inguruko informazio uholderik ez zaigu iristen. Eta, irakurleak badaki hori normala dela. Hala ere, neguaren amaierarekin batera, bederen, ohartu gara mugimendurik izan dela. Ez Denali bezalako mendi garaietan, baizik eta garaieran txikiagoak diren beste batzuetan. Hori bai, txikiagoak baina zailak.

Horietako bat Mt. Huntington dugu. 3.730 metroko garaiera du, baina batzuentzat harrigarria bada ere, soilik neguko bi igoera ditu. Lehena duela 4 urte Jed Brownek eta Colin Haleyk sinatu zuten. Bigarrena, berriz, John Frieh eta Jason Stuckeyk neguaren amaieran; hots, pasa den martxoko 18, 19 eta 20an.

Eguraldi egokiari esker, sokada estatubatuar horrek oso igoera azkarra egin zuen. Izan ere, mendia igotzeko 23 orduko lana egin behar izan zuten. Aurreko kideek bezala, hauek ere mendiaren mendebal aurpegian dagoen «Nettle-Quirk» bidetik (V, 85º, 1.200 m) igo ziren.

Protagonistek baieztatu dutenez, eguraldiarekin zorte handia izan dute: «Primerako eguraldi iragarpenak egin zizkiguten, eta arrakastaren zati bat horrek du. Hala ere, ez genuen oso azkar eskalatu, besteak beste, oso izotz gogorrarekin egin genuelako topo. Gainera, plakak elurrarekin estalita zeuden. Zalantzarik gabe, pioletak ondo baino hobeto zorroztu behar dituzu».

Martxoaren 18an, hegazkin txiki batek Tokositna glaziarrean utzi zituen, eta mendiaren sarrerara hurbildu ziren. Biharamunean aipatutako bidea eskalatu eta rappelatzeko astia eman zien. Hilaren 20an kanpaleku nagusian zeuden.

Mugimendu gehiago

Bien bitartean, Revelations Mountains izeneko alderdian Clint Helander eta Scotty Vincikek Mt. Mausolusen lehen neguko igoera poltsikoratu zuten. Mendi hau ere ez da batere garaia, 2.795 metro ditu, baina bere mendebal aurpegia oso zaila da. 1.500 metroko desnibela du, eta azken 800 metroetan izotzean eskalatu behar da.

Jarduera hau martxoaren 15 eta 16an egin zuten. Lehen 700 metroak elur aldatsak dira; hori bai, nahiko tenteak. Bidearen zati «errazena» gainditu ondoren, sokada estatubatuarrak izotzari ekin behar izan zion. Gauak harrapatu eta gailurretik 350 metrora geratu ziren. Biharamunean izotzezko azken luzeak eskalatu zituzten. Bidearen izena: «The Mausuleum» (WI 5).

Eta Alaskako kronika honekin amaitzeko, John Kelleyri buruz hitz egingo dugu. Izan ere, Chugach Mountains izeneko eremuan lau eskalada egin zituen; guztiak ala guztiak lehen igoerak. Eskalatu dituen mendi hauek ere ez dira garaiak, 4.000 metrora ez dira iristen, baina aipatu behar da alderdi horrek berezitasun zehatzak dituela, hots, munduan elur gehien jasotzen duen alderdietako bat da.

Aurten, berez, eskalada bikainak egiteko baldintza egokiak izan dituzte. Kelleyk eginiko garrantzitsuena Nantina Point-eren (2.073 m) ipar aurpegian izan da. Kevin Ditzler-ekin batera «Darkness falls» bidea zabaldu du: VI, M6, WI6, A2+, 650 m.

alaska

Nahiz eta hango mendi garaienetan jarduera adierazgarririk ez den izan, beste txikiago batzuetan mugimendua izan da; besteak beste, Mt. Hungtinton eta Mt. Mausolusen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo