«Soul Surfer» Bethany Hamilton zineman
Marrazo batek ezkerreko besoa erauzi zion Bethany Hamiltoni, eta liburu bat idatzi zuen «Soul Surfer», zinemara eraman berri dutena.
Haritz Larrañaga Altuna
Pasa den ostiralean, aurkeztu zuten "Soul Surfer" filma, Bethany Hamiltonek 2004an argitaratu zuen izen bereko liburua oinarri hartuta egindako filma. Beste liburu batzuk ere argitaratu zituen lehenago, tartean surflariaren biblia, baina ez zuten halako arrakastarik izan.
Bethanyk bere bizitzako gora-beheren berri ematen zuen liburu hartan; gogoetak, fedea, arazoak, gertaerak eta beste zenbait aferaz mintzo zen. Filmak, Bethanyren ibilbidea islatzen du, goi mailan lehiatzeko prestatzen ari zenetik hasita gaur arte.
Bethany Hamilton
1990eko otsailaren 8an jaio zen Hawaiiko Kauai irlan. Bere gurasoak AEBetatik Hawaiira joandako surflariak ziren, beraz oso gazte zela hasi zen surf egiten. Txapelketetan parte hartzen ere urte gutxi zituela hasi zen eta emaitza on asko bildu zituen.
2003ko udan, 13 urte besterik ez zituela, bere etxetik gertu dagoen hondartza batean surf egiten ari zen, Kauaiko irlan. Arraunean ari zela, uretan sartu berri zuen besoan hozka egin zion lau metroko tigre-marrazo batek. Egun hartan, beste askotan bezala, bere lagun onena zuen ondoan, Alana Blanchard, eta honek lagundu zion uretatik irteten. Oso gaizki zegoen, gorputzeko odolaren %60 galdu baitzuen, baina bizirik atera zen.
Marrazoak ezkerreko besoa erauzi zion, baina ez zion surf egiten jarraitzeko gogoa kendu. 2005ean, ezbeharra jazo eta 18 hilabete besterik igaro ez zirenean, Hawaiiko titulu nazionala irabazi zuen Bethanyk. Goi mailako surflari bat izaten jarraitzen zuela erakutsi zuen eta ordutik goi mailako surflariekin dabil lehian.
Egun, ASPko munduko zirkuitua egiten dabil, WQS mailan lehiatzen. Iaz lan bikaina egin zuen, ranking orokorrean 23. postua lortu baitzuen. Bere helburua WCT mailara igotzea da, beraz helburu hori lortu nahi badu lehen hamazazpi postuetako batean amaitu beharko du aurtengo zirkuitua, nesken kasuan WCT zirkuitua osatzen duten lehiakideen kopurua horixe baita (mutilen kasuan 34 dira). Hala ere, goi mailan dauden WCTko hamazazpi neskekin lehian ikusi ahal izango dugu laster, izan ere apirilaren 17a eta 25a bitartean Australian egingo den Rip Curl Pro Bells Beach txapelketan parte hartzeko gonbidapen wildcard delakoa eman diote.
Australiaren hegoaldean dagoen Bell's Beach hondartzan egiten da txapelketa hau eta goi mailako zirkuituan (WCT) egiten den bigarren txapelketa da, bai nesken, bai mutilen kasuan. Itsaski handiak eta eskuin olatu luzeak dituen leku oso ezaguna da. Aurtengoan gainera, leku honetan txapelketak egiten hasi zireneko 50. urtemuga ospatuko dute.
Bethanyren kasuan epaileek malgutasunez jokatzen dutela pentsa dezake norbaitek, baina ez da horrela. Epaileek puntuak emateko orduan gainerako lehiakideekin bezala jokatzen dute Bethanyrekin, haren zailtasunak kontuan hartu gabe, eta hala ere, goi mailako surflaria da. Joko Paralinpikoetan eta antzeko txapelketetan parte har zezakeen, baina besoa galdu aurretik hasitako ibilbidea jarraitzea erabaki zuen eta ikusitakoak ikusita, kontuan hartzeko lehiakidea dela erakutsi du. Munduko olatu zailenetan aritzen da; ikusgarria da Tehaupo edo Pipelineko jaitsiera zailak nola burutzen dituen ikustea.
Hasiera batean ohikoa baino taula lodiagoa erabiltzen zuen, errazago zutitu ahal izateko, baina egun taula txikiak erabiltzen ditu, beste edozein lehiakidek bezala. Taulari euskarri bat ezartzen dio aurrealdean, horrela aparrak igarotzeko azpiratzea errazago egin dezake.
Txorakeria dirudi, baina azpiratzea beso bakarrarekin burutzea oso zaila da, olatua azpitik zeharkatzean mugimendu bortitzak jasan behar izaten baitira. Olatu batean erori ostean, taula jaso eta gainean etzate hutsa zail egiten da beso bakar bat izanda. Zutiketa beso bakar batekin egitea ere oso zaila da, baina Bethanyk gauza hauek aise egiten ikasi du.
Bethany eredu bihurtu da zentzu ugaritan. Eliza protestanteak ikur gisa dauka, beraz ikuspegi espiritual batetik ere eredu da jende askorentzat. Jainkoari eskerrak ematen dizkio elkarrizketa bat egiten dioten bakoitzean eta kristau ekimenetan parte hartzen du sarri. Gurasoek Jesusekiko fedean hezi zuten eta bere esanetan, bost urterekin hartu omen zuen jainkoarekin harreman zuzena izateko erabakia.
«Soul Surfer»
Ez du itzulpen erraza filmaren izenburuak. Soul hitzak «arima» esan nahi du, beraz «arima surflaria», «benetako surflaria», edo «arimaz surflaria» bezala itzul daiteke, azken batean izenburu honekin surfa odolean daramala eman nahi baitute aditzera.
Sean McNamara kaliforniarra da filmeko zuzendaria eta antzezleak berriz aktore ezagunak dira. Bethanyren papera antzezten duen aktorea Anna Sophia Robb da, antzezle eta abeslaria, Coloradokoa da, eta 17 urte ditu. Hala ere, ezaguna da 2005az geroztik, «Because of Winn-Dixie» filmean, hamar urte besterik ez zituela, aktore nagusi gisa egin zuen lanagatik. Ordutik beste zenbait filmetan ere lan egin du.
Uretako irudiak Bethanyk berak egiten ditu, ez baitago berak egiten duena ordeztu dezakeen beste inor. Bera da, beraz, bera antzezten duen Anna Sophia Robben doblea surfeko irudiak hartzeko orduan.
Bethanyren aita antzezten duen aktorea, Dennis Quaid, aktore ezaguna da. Texaseko antzezle honek aktore onenaren Urrezko Globoa jaso zuen 2003an, «Far For Heaven» filmean egindako lanagatik.
Bethanyren ama berriz, Helen Hunt kaliforniarrak antzezten du. 1997an egindako «As Good as it Gets» filmak jaso zituen zazpi Oscar sarietako bat berak eskuratu zuen, Jack Nicholson aktore nagusiarekin batera egin zuen lanagatik.
Hain zuzen ere, Jack Nicholsonen alabak, Lorraine Nicholsonek parte hartu du film honetan eta Alana Blanchard, Bethanyren lagun mina antzezten du. Apirilaren 16an 21 urte beteko dituen neska hau egun Brown unibertsitatean ari da ikasketak egiten, beraz, ikasketak eta aktore lanak bateratzen badu nahikoa lan. Hala ere, antzezpen hau egiteko Hawaiira joan zen bi hilabete lehenago eta surf egiten ikasteko tartea hartu zuen.
Lorrainek, 2003. urteaz geroztik antzezle lanak egin ditu film desberdinetan, baina hau izan da bere lehen lan garrantzitsua. Orain artean jaso duen sari esanguratsuena ordea, ez du bere merituei esker jaso. 2007. urtean Miss Golden Globe saria jaso zuen. Sari hau Hollywood Foreign Press Association erakundeak banatzen du, urtero pertsona ospetsuen seme edo alabaren bati eskaintzen dieten titulua da.
Filmeko beste pertsonaia garrantzitsu bat Bethanyren aholkulari espirituala da eta Carrie Underwood-ek, Oklahomako country pop abeslari ospetsuak antzezten du. Antzezle eta abeslari hau oso ospetsua egin zen 2005ean, «American Idol», «talentu amerikarren» lehiaketa irabazi ostean. Hortik aurrera zenbait Gramy sari irabazi ditu eta antzezle lanak ere egin ditu, «How I met you mother» telesailean esate baterako.
Filmeko beste pertsonaia esanguratsua Alanaren anaia da, Byron. Jeremy Sumpter 22 urteko kaliforniarrak antzeztu du, hain zuzen ere, Bethanyren belaunaldian lorratza utzi zuen aktoreak, txikiak zirenean arrakasta handia izan zuen filmeko protagonista baitzen. Bethanyk dioen moduan, beretzat eta bere belaunaldikoentzat «Jeremy, Peter Pan da». Antzezpen honi esker Saturno saria eskuratu zuen 2004an.
13 urte zituela marrazo batek ezker besoa erauzi zion Kauaien surf egiten ari zen bitartean. Alana Blanchard, bere lagunak atera zuen uretatik, oso gaizki, odolaren %60 galdu baitzuen, baina bizirik atera zen eta 18 hilabetera Hawaiiko titulu nazionala irabaztea lortu zuen.
Hasiera batean ohikoa baino taula lodiagoa erabiltzen zuen, errazago zutitu ahal izateko, baina egun taula txikiak erabiltzen ditu, beste edozein lehiakidek bezala. Taulari euskarri bat ezartzen dio aurrealdean, olatu aparrak errazago gainditu ahal izateko.
Bethanyren ordezko aktorea Anna Sophia Robb da, baina olatuaren gaineko irudiak hartzeko orduan, Bethany berak ordeztu behar izan du bere pertsonaiaren rola jokatzen duen antzezlea, ez baitago beso bakar batekin berak egiten duena antzez dezakeenik.