GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Aizkora Urrezko lehiaketa

Juanjo Erdoziak eman du estreinako ezustea

p041_f02_088x132.jpg

Jon LEUNDA

Juanjo Erdoziak Julen Kañamaresek, Juanillo Rodriguezek eta Aratz Mugertzak egin dute Urrezko Aizkorako bigarren saioetan aurrera. Azken honek, gainera, bigarren kanporaketa gainditu du, joan den astean ere gauza bera egin baitzuen Urrestillan.

Herenegun Sudupen izan ziren aizkolariak, eta atzo, berriz, Izarran. Bietan lan bera izan dute aizkolariek. Hamaika kirolari aritu dira, lau multzotan banatuta. Finalera bitarte 45 ontzako enborrak moztuz aritu ziren, eta finalean, berriz, bi 45 ontzako enbor.

Ezustea Sudupen gertatu zen, izan ere, Juanjo Erdoziak final batean garaipena lortzeko faborito nagusi zen Daniel Vicente menderatu zuen. Azkenean, Etxarrikoak menderatu egin zuen Otsagabikoa, eta hurrengo faserako bidea egin zuen, Vicente bazterrean utziz.

Saio berean aurrera egin zuen beste aizkolaria Kañamares III.a izan zen. Arostegikoak finalean Irazabal gaztea izan zuen, eta mendean hartu zuen. Bizkaitarrak joan den astean bere kanporaketa irabazi egin zuen, eta bigarrena eskuratzeko ere gertu izan zen, baina amaieran ezin izan zuen.

Atzo, berriz, saioa Izarran jokatu zen, eta bertan Rodriguez II.ak eta Mugertza III.ak egin zuten aurrera. Segoviarrak finalean Olano izan zuen, eta mendean hartu zuen. Mutrikuarrak, berriz, Joxe Ugarteburu izan zuen aurrean azkeneko saioan, eta gainditzeko modua egin zuen.

Atzoko berrikuntza nagusia, ordea, Darisu Acu errumaniarra ikustea zen. Lehen aldiz plazaratu zen, eta oraindik ikasteko asko duela antzeman zen. Bi saio jokatu zituen, eta bietan galtzaile suertatu zen. Telletxearekin eta Larrañagarekin galdu zituen bi saioak. Azken honek Mendieta ordezkatu zuen.

Irigoienen apustua

Harri-jasotzen apustua egin du Aimar Irigoienek Aiako talde baten aurka. Errezildarrak 125 kiloko zilindro zaharrarekin Zelaik daukan marka hobetu beharko du, berak erabili zuen harri berarekin, eta baldintza berberetan.

Bizkaitarrak 69,5 zentimetroko altuera, hots, 30 ontza dituen harria erabili zuen, eta Irigoienek ere horrela erabili beharko du. Bost minutuko hiru txanda izango ditu, eta batetik bestera oren laurdeneko tartea izango du. Zelaik, guztira, 123 jasoaldi eman zituen, 41 aurrena, 42 hurrena eta 40 azkenik. Ekinaldia Aian jokatuko da ekainaren 19an; ordua zehazteko dago oraindik eta alde bakoitzak 12.000 euro jokatuko ditu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo