Xabier ALZELAI Probetako ingeniaria
Lautik lau
Garaipen hau Vettel-ek jarraian eskuratu duen laugarrena da, joan den denboraldiko azken bi lasterketak kontuan hartuta. Garaipenaren «harpidedun» bihurtzen ari da. Gaur beste behin, KERS sistema gabe. Larunbateko kalifikazioan erabili ahal izan zuten arren, lasterketaren erdian bere pistako ingeniariak KERSa deskonektatzeko eskatu dio. Webber-ek ez du KERSik erabili; horrek azaltzen du irteeran 6 postu galdu izana. RedBull-ek ez zuen fidagarritasun arazo batengatik Vettel-en garaipena hondatzerik nahi. Arrazoia nahiko sinplea da. Sepang-ekoa denboraldiko lasterketa gogorrenetarikoa da hozketa eskatzen duten sistema guztientzat (motorea, KERSa, balaztak). Ondorioz, hozketa erregimena maximizatzeko irekiguneak zabaltzen dira karrozerian. Bestalde, irekiguneen tamainak eta kopuruak autoaren eraginkortasun aerodinamikoa kaltetzen dute, aurrerapen-erresistentzia areagotuz eta puntako abiadura murriztuz. Beraz, diseinatzaileak ahalik eta irekigune txikienak proiektatzen saiatzen dira, sistemen tenperatura muga onargarrien barruan manten dadin. Adrian Newey (RedBull-eko zuzendari teknikoa) aerodinamizista da jatorriz; eta printzipio aerodinamikoen jarraitzaile leial den aldetik, bere diseinuetan aerodinamikaren eraginkortasunari pisu nabarmena ematen dio. Paradojikoa dirudien arren, RedBull-en abiaduraren arrazoietako bat KERSik ez eramatea da. Beste bat muturreko aleroi elastikoa izan liteke. RedBull-aren aleroiei buruz beste batean luzaroago hitz egin genezake.
Gaurko emaitzek, duela bi astekoekin bateratuz, lehiakide bakoitzaren egoera islatzen digute denboraldiaren lehen erdialdera begira. McLaren-en garapenerako gaitasuna bistan geratzen ari da denboraldi hasiera honetan. Arautegiaren hutsarte bat aprobetxatuz, «octopus» (olagarro) motako ihes-hodi sistema berri bat prestatzen ari omen dira. Sistema horren aurre-bertsio bat da Malaysiara eraman dutena; eta emaitzak lortu dituzte. Australian RedBull-engandik banantzen zituzten 0.8 s-ak 0.1-0.2s-ra pasa dira. Gero, Ferrari legoke, horiengandik 1s ingurura. Ostiraleko bi saioak proba aerodinamikoetarako erabili zituzten, beste taldeek set-up apropos bat bilatzen zuten bitartean. Pneumatikoen aukeraketa aurten nahiko konplexua da; baina egoera guztientzat berbera da. Auto baten abiaduraren %80-90 bere aerodinamikan datza, eta Ferrari-ri downforce-a falta zaiola dirudi. Denboraldiaren lehen erdialdean, behinik behin, pole-ak edota garaipenak lortzea benetan zail izango duten arren, proba hauek oso baliagarriak dira autoaren epe erdirako garapenerako eta batez ere 2012ko autoaren diseinurako.
Edozein kasutan, kalifikazioari begira, abiadura puruan eta auto arin batekin (gasolina gabe), pneumatikoen estrategia kontuan izan gabe, RedBull oraingoz garaitezina da. Gurpilak aipatu ditut, izan ere, horien kudeaketak lasterketan ez ezik kalifikazioan ere eragina izan dezake. Larunbatean gurpil sorta gehienak erabiliz gero, denbora on bat lortzeko, lasterketarako gutxiago geratuko zaizkizu; ondorioz geldialdi bat gehiago beharrezkoa izango duzu pneumatikoak aldatzeko. Hori da, hain zuzen, Hamiltoni gertatu zaiona, 4 geldialdirekin. Vettel kalifikazioan kontserbatzaileagoa izan da, agresibitate portzentaje garrantzitsu bat lasterketarako gordez. Hau da, larunbatean Vettelen eta Hamiltonen arteko 0.1 s-ak ez dira guztiz errealak.
Lasterketa nabarmena, Heidfeld-ena, Renault-en lehiakortasuna berretsi duena. Eta puntuak irabaziz, zentzu guztietan. Lehen bihurguneko kanpoaldea zikina zegoen Pirelli-ek uzten duten marbelling-a (pneumatikoek galtzen dituzten gomazko txirbilak) dela eta. Bide batez, esan behar da pneumatikoen degradazioaren ondorioz, pista erabat zikin geratzen dela, eta horrek aurreratzeak eragotz ditzakeela, itsaspena galtzen baita bat-batean zonalde zikina zapaltzean. Pilotuek bazuten lehen bihugunearen egoeraren berri, beraz, guztiak barrutik sartzen saiatu dira, kanpoaldea libre utziz. Renault-eko 2 pilotuek hutsune hori aprobetxatu dute muturra sartzeko. Bereziki, Heidfeld oso ausarta izan da Hamiltoni lekua ostu dionean, zehaztasun handiko mugimendu batekin, espaziorik ez zegoen tokian sartuz. Irteera paregabe horren ondoren, lasterketaren amaieran Hamilton berriro pistan aurreratu behar izan du podiuma lortzeko. Bere ibilbideko 14. podiuma, oraindik 1 Formulan garaipenik lortu ez duen pilotu batentzat. Egia esan, euriaren hutsunea sumatu dut, estrategia ausartak sarituko zituen zaparrada hura. Bazirudien 5. eta 15. biren tarteko edozein unetan iritsiko zela. Sauber-en geldialdia atzeratzeko ideia ez zen txarra, zaparrada geldialdiarekin sinkronizatzeko. Gaurkoan, ordea, ez da agertu. Aipagarria Kobayashi-ren 7. postua, 10.etik irten eta soilik 2 geldialdirekin. Behin eta berriz, Sauber-ek Pirelli-ren aurreikuspenak hautsi ditu; bereziki ondo zaintzen ditu atzeko pneumatikoak.
Ekaitzik gabe ere, emozio handiko saioa izan da. Aurreratze mugimendu bat baino gehiago ikusi ahal izan dugu pistan. DRS sistemarentzat zirkuitu ezin hobea da Sepang. Ondorioz, lehen bihurgunearen sarreran aurreratzeko aukera erabatekoa izan da. Massa-k Webber oso erraz aurreratu du lasterketaren lehen erdian. Lehia ikusgarriena Hamilton eta Alonsoren artekoa izan da, nire ustez. Alonsok DRS-a galdu du eta aurrean zeraman Hamilton-ek arazoak zituen pneumatikoekin. Baina Alonsok ez dauka DRS beharrik aurreratzeko. Abantaila lortzera zihoan unean, elkar ukitu dute eta Alonsok muturreko aleroia aldatu behar izan du. Biak oso pilotu agresiboak dira nor baino nor erako borrokan, baina Hamiltonen mugimendua ez da guztiz garbia izan. Bere norabidea bi aldiz aldatu du, nolabait atea ixteko saiakeran. Hori ez dago onartuta, eta epaileek ikertzen badute, baliteke Hamiltonek isuna jasotzea (denbora penalizazioa lasterketa amaitu ondoren), posturen bat galtzeko arriskuarekin. Pilotu ingelesak lasterketa amaieran bere taldearen aurka esan dituenak ere soberan daudela iruditzen zait. Ingeniariak aukeratzen duen estrategia bere gidatze teknikaren fintasunak baldintzatzen du. Ez da bidezkoa erru osoa ingeniariari egoztea.
Datorren asteburuan, Shanghain ikusiko dute berriro elkar. Taldeek ez dute denbora gehiegi eboluzioak prestatzeko, baina baliteke McLarenek sorpresaren bat ekartzea difusorean. Egia esan, eskertzekoa izango litzateke, txapelketaren ikusgarritasunak irabaziko bailuke.