NAFARROAKO BERTSOLARI TXAPELKETA
«Pozgarria da Silveira handi baten aurretik geratu izana»
Txapelduna
Txapelak, dagoeneko, baditu bi. Labriteko finaleko agurrean bi hanka, bi beso, bi belarri, bi begi... kontatu zizkion bere gorputzari. Atzo, ospakizun luze-luzea amaitu eta ordu gutxira, ez zekien oso seguru gorputzeko atal guztiak bere tokian ote zituen. Baina, txapelak, bi. Hori seguru. Pozik dago Gorritiko bertsolari gaztea finala irabazi ondoren, nahiz eta, bere esanetan, Silveirak eta berak «berdinketa teknikoa» egin zuten. Izan ere, lau puntu eta erdiko aldea benetan estua da.
Amagoia MUJIKA | GORRITI
Julio Soto pilotaria ere bada. Duela bi aste eskas aritu omen zen Labriten pilotan. Baina Iruñeko frontoian jokatu duen partidarik onena herenegun bertsotan jositakoa izan dela zalantzarik ez dauka.
Ospakizunak luze joan dira. Bigarren txapelak ilusio berezia egin al dizu?
Lehenbizikoak sekulakoa egin zidan, baina Labriten irabaztea oso-oso berezia izan da, batez ere zegoen giroagatik. Bertan txapela janztea oso une berezia eta hunkigarria izan zen.
Txapela, sufritzen ari direnentzat. Zergatik?
Txapela euforia momentu bat da. Inguruan denok daukagu sufritzen duen jendea, eta denok sufritzen dugu askotan. Horregatik, une horretan neukan poza hain ongi pasatzen ari ez direnei eskaini nahi nien. Aurretik ondo pentsatuta nuen irabaziz gero txapela nori eskaini. Eta azkenean zortea izan eta nahi nuen eskaintza egin nuen.
Zuk batere sufritu al zenuen finalean? Agian, berriz buruz burukoa Silveirarekin jokatu behar zenuela jakin zenuenean?
Ez, sekulako poza hartu nuen. Horrek esan nahi zuen lehen bietan geratuko nintzela eta, gainera, desenpatea jokatzeko aukera izango nuela. Halako giro beroan, opari bat izan zen. Nahiko aldarte onean nengoen eta bertsotan egiteko gogoz eta, batez ere, azken txanpan Labrit lehertzeko gogoz.
Gogoratu al zinen 2009an Silveirak irabazi zuen buruz burukoarekin?
Bai, akordatu nintzen. Batik bat gogoratu nintzen orduko hartan euforiak eraman ninduelako. Lur aretoan sekulako giroa sortu zen orduko hartan, eta giro horretan sartu eta despiste bat izan nuen, poto bat egin nuen. Atzo neure buruari agindu nion pixka bat hotz mantentzeko eta kontzentrazioa ez galtzen saiatzeko. Izan ere, erraza da despistatu eta arratsalde guztiko lana hankaz gora jartzea.
Kanpotik begiratuta, sekulako errespetua sortzen du buruz burukoa Silveirarekin jokatzeak.
Alderantziz sentitzen dut Xabierrekin. Berak badauka giroa lehertzeko gaitasuna, baina horrek ondokoari aukera ematen dio, ondo arituz gero, berak ere goia jotzeko. Beldurtu baino, mesede egiten dit Xabierrekin abesteak.
Beti esaten da. Baina larunbatean Labriten zegoen giroa oso berezia zen.
Sartu ginenean sekulakoa izan zen. Denak pixka bat inpresionatuta geratu ginela uste dut, `hemen zerbait egin beharra dago gaur' pentsatu genuela. Eta, gero, aulkietan eseri eta aurrera begiratuta sekulako gozatua hartu genuen zer plaza zegoen ikusita. Baina, tira, agian beldur pixka bat ere sentitu genuen ea guk zer nolako maila emango genuen.
Eta, zer iruditu maila?
Dezente jarraitu nuen saioa eta uste dut final oso ona joan zela. Ez zen inor erori eta denak utzi genituen ale politak. Hori izaten da garrantzitsua final batean.
Erregulartasunak eta bertsoak goitik behera jantzi izanak lagundu zizuten txapelerako bidean.
Nik uste dut bertsoa ahalik eta ondoen betetzen denok saiatzen garela. Batzuetan asmatzen da eta besteetan ez. Atzo bertso batzuetan asmatu nuen eta nik uste gakoa hor egin zela; hasi eta buka, akatsik ez nuen egin eta batzuetan gailur batzuk egin nituela.
«Pi-pipi-pipi iratzargailu...», hasi zenuen kartzela. Deskribapenak eta onomatopeiak asko erabili zenituen.
Egin nahi duzun bertsokeraren baitakoa da lantzen duzuna. Niri asko gustatzen zaizkit horrelako onomatopeiak, baita deskribapenak ere. Bakarkakoak aukera ematen du eta saiatu nintzen bertsoa ikusarazten, bisuala egiten. Gustatzen zaidan bertsokera da, eta baditut nire maisu-maistrak, Maialen eta Amets bezalako bertsolari handiak.
Bi bakarkako egin zenituen. Bietatik zein aukeratuko zenuke?
Buruz burukoa, batez ere bigarren bertsoa. Bertso bat aukeratu behar banu, horixe.
Bigarren txapelak zer dakarkio Julio Sotori?
Aldaketa handirik espero dut ezetz. Lehenengoa ez zela kasualitatea izan erakusteko balioko du agian. Baina atzokoa, Silveirari esan nion, berdinketa teknikoa izan zen, lau puntuko aldea ez baita ezer. Larunbatean Silveira handi bat ikusi genuen eta bere aurretik geratu izanak poz handia ematen dit. Berari ere esan nion, bi txapeldun izan ginen atzo.