Heineken Kopa
Orain Ligan jarri behar itxaropena
Biarritzek lehen zatian huts dezente egin zituen eta Tolosakoek 0-17 ihes egin zuten. Neurketa berdintzea lortu ostean, luzapenean galdu zuten zuri-gorriek.
BIARRITZ 20
TOLOSA 27
Jon LEUNDA
Ez du lortu. Biarritzek ez ditu jokatuko Heineken Kopako finalerdiak. Atzo, bigarren zati bikaina egin zuten; lehengoan, ordea, ez ziren fin aritu, eta amaieran luzapenean ihes egin zien garaipenak. Iazko finalaren errepikapena izan zen atzokoa, eta orduan bezalaxe, atzo ere Tolosa, egungo txapelduna, atera zen garaile.
Biarritzek ez zuen itxura txarrik eman, ezta gutxiago ere, baina lehen zatiko hutsegite txiki batzuk aski izan ziren Tolosa 0-17 aitzineratzeko. Dena galduta zegoela ematen zuenean, egoerari ia buelta eman zion Biarritzek, eta zaleek badute bere taldearekin gustura egoteko arrazoirik.
Lehen zatian nahi eta ezin ibili ziren zuri-gorriak. Erasoan jokatu nahi izan zuen, 22 metroko marrara inguratzen ziren, baina hortik aurrera egitea ezinezkoa izan zuten euskaldunek.
Tolosak bikain defendatu zuen, eta kontraerasora min handia egin zuten. Heymasnek lehen entsegua egin zuen kontraeraso bat bikain eramanez, etxekoen hutsegiteaz baliatuz, eta Skrelak ez zuen hutsik egin jokaldi hori gauzatzerakoan.
Gauzak ez ziren asko aldatu, eta Jean Michel Gonzalezek zuzentzen dituen mutilek erasora jo zuten, baina berriro ere entsegu marratik urruti ibili ziren. Beste hutsegite bat etorri zen orduan, eta Okzitaniako taldeak jokaldi bikaina egin zuen gauzatutako bigarren entsegua eskuratzeko.
Hortik aurrera nahiko eroso aritu zen lehen zatian kanpoko taldea, eta atsedenera joan aitzinetik zigor-kolpe bat gauzatu zuten.
Bigarren zatian gauzak erabat aldatu ziren. Lehendabiziko minutuan Yachvilik zigor-kolpe bat gauzatu zuen, eta horrek indarra eman zion euskal taldeari. Hurrengo minutuan ere beste zigor bat izan zuten alde, baina oraingoan ez zuen asmatu jaurtitzaile lapurtarrak. Hurrengo hiruretan, ordea, baloia barruan sartu zuen, eta bost puntu eskasera jartzea lortu zuten. Atsedenean ezinezkoa ematen zuena lortzetik oso gertu zegoen, eta zaleek erruz bultzatu zuten taldea.
Zuri-gorriek erasora jo zuten entseguaren bila, baina minutuak aurrera zihoazen eta entsegurik ez zen iristen. Azkenean, partida finitzeko minutu bat besterik geratzen ez zenean, Tolosakoek huts egin zuten, eta Bolakorok egin zuen berdinketa ekarri zuen entsegua.
Orain entsegu hori gauzatzea geratzen zen. Hori lortuta, Biarritz sailkatuta zegoen, baina jaurtiketa egiteko lekua ez zen onena, eta Yachvilik huts egin zuen. Horrek bi taldeak luzapena jokatzera behartu zituen, eta Dublinen finalerdiak jokatzeko txartela lortzeko itxaropena indartu egin zen.
Luzapena
Luzapena gaizki hasi zen euskaldunentzat, berehala Skrelak zigorra gauzatu baitzuen, eta markagailuan aitzineratu egin ziren. Zuri-gorriek lanean jarraitu zuten, kanpotarrak estu hartuz, baina lehen zatian ez zuten markagailuari buelta ematerik lortu.
Bigarren zatian gauzak berdin jarraitu zuten, eta partida amaitzeko bi minutu falta zirela, Yachvilik, zigor bati esker, neurketa berdindu egin zuen. Horrek, ordea, ez zuen balio, Tolosak bi entsegu lortu baitzituen, eta kanpoan jarraitzen zuten. Hori konpondu nahian, erasoan jarraitzen zuten bitartean, huts handi samar bat egin zuten, eta Tolosak ez zuen barkatu gauzatutako entsegua lortu eta garaipena segurtatzeko. Orain Ligan jarri beharko dute indar guztia, han ere lan bikaina egiten ari baitira.
Anoeta leporaino bete zen atzo. Euskaldunez gain, Tolosatik ere jendetza batu zen Gipuzkoako hiriburuan. Goizetik nabaritu zen zaleen etorria, eta bi taldeen jarraitzaileek, batera, kiroltasunez, ospatu zuten atzoko egun gogoangarria, bai partidaren aitzinetik, baita amaieran ere, nahiz eta euskaldunen nahigabea nabaria zen.
El Salvadorrek irabazi zuen atzo Espainiako Kopa, finalean Valladolideko beste taldea, Quesos Entrepinares alegia, 13-0 menderatu ostean. Norgehiagoka ez zen oso ikusgarria izan, eta faboritoak nagusi izan ziren bai jokoan bai markagailuan.
Yachvili jokalari garrantzitsua da oso, eta atzo agerian geratu zen bere jarduna. Taldea ia lehiaketatik kanpo zegoenean, bere jaurtiketek berriro ere neurketan sartu zuten.
Bai Biarritzek bai Tolosak sekulako lan fisikoa egin zuten. Luzapenean ere biak ongi aritu ziren, eta hori zaleek eskertzen jakin zuten, atzokoan biek merezi baitzuten garaipena.
Atzoko partida hasi aitzin kezka apur bat bazen Biarritzen, izan ere, galtzeak zer nolako eragina izan zezakeen kezkatzen zituen lapurtarren arduradunak.
Biarritzek final-laurdenetan sartzeko aukera asko ditu, eta atzoko partidaren amaieran Gonzalezek garbi utzi zuen hau ahaztu eta burua Ligan jarri behar dela, han aukerak bai baitituzte, eta Europan lortu ez dutena han lortu baitezakete. Bihartik aurrera lanari ekingo diote berriro eta denen artean hau gainditzeko arazorik ez izatea espero du entrenatzaileak. J.L.