Uste baino lehen itzuliko da atzelaria kantxetara
Inbidia ere sano du Zubietak
Ebakuntza egin ziotenetik hiru hilabetera, mediku guztiak harritu ditu etxarriarra horren azkar osatzeak.
Jon ORMAZABAL
Pilota gosea. Horixe da Aitor Zubietari gaur hiru hilabete egin zioten belauneko ebakuntzatik utzi dion arrasto bakarra. Iaz lortu zuen binakako txapela defendatzerik ez duen arren, pozik egoteko motibo ugari ditu Aitor Zubietak, inork uste baino azkarrago eta hobeto osatu baita. Etxarriarrari zuriz janzteko irrikari eusten laguntzea da orain medikuek duten lanik handiena, dena primeran atera den arren, emandako aurrerapausoak pikutara botatzeko arriskua handiegia delako oraindik.
«Binakako Txapelketa ikusten inbidia ikaragarria pasatzen ari naiz. Lesioa izan eta berehala frontoira joaten hasi nintzen, baina behin ondo jarri naizenetik, ez naiz berriro joan, pasatzen dudan inbidia ikaragarria delako. Inbidia sanoa da, baina oso gaizki pasatzen dut jokatzera irten ezinda», azaldu zion GARAri atzelari nafarrak.
Pilotariaren ahotsaren doinuak eta aurpegian ageri duen irribarreak, dena dela, argi erakusten du Aitor Zubieta oso pozik dagoela eta ez dugula asko itxaron beharrik izango berriz ere kantxan ikusteko. «Dena abiadura izugarrian joan da. Astetik asterako aldaketa izugarria izan da. Osatuta, muskulatura hartu dut, arintasuna ere bai, mugimendu guztiak berreskuratu ditut, dena normal dut, ez dut sentsazio txarrik eta dena perfektu daukat», azaldu zuen atzelariak emozionaturik.
«Esan didaten bakarra da hezurrek elkarren artean soldatzeko denbora behar dutela, azkenean hori bigun samar egongo dela eta orain arriskatuz gero, hausteko aukera txiki hori egon litekeela».
Konfiantza berreskuratuta
Aspalditik zituen Aitor Zubietak hainbat arazo eskuin belaunean, baina tratamendu kontserbadorearen aldeko apustua egina zuten, ebakuntza-gelatik pasa osteko osatzeak luzeegi jo zezakeela iritzita. Aimar Olaizolak, azkeneko antzeko adibideak, sei hilabete inguru behar izan zituen kantxara itzultzeko eta horrexegatik, hiru hilabeteren ostean Zubieta horren ondo ikusteak zur eta lur utzi ditu medikuak. Dagoeneko hainbat entrenamendu eginak ditu pilotalekuan enpresakideekin.
«Dena egiteko gai eta dena emateko prest nagoela ikusten dut eta aguantatu behar hori gogorra egiten ari zait. Medikuek esaten didate zorte izugarria izaten ari naizela, ez dela batere normala hain azkar osatzea, eta pixka bat itxarotea eta gelditzea tokatzen bazait, hala egingo dut. Gainera, dena primeran joan dela ikusteak animo eta konfiantza handia eman dit eta ea azkar lortzen dudan jokatzeko baimena».