GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Maider Eizmendi | Kazetaria

Kontrolik gabeko probokazioa

Paso egin behar nuen, inoren pentsamenduko minutu erdi bat ere ez baitu merezi, baina tentazioari ezin izan diot eutsi, barrenak eskatu dit. Salvador Sostres sinatzen du. Izen horri loturiko guztia berak eraiki du, hitzez, zaborrez, probokazioz.

Pasa den astean horretarako lekua egiten dioten komunikabide espainoletako batean neska laguna akabatu zuen 21 urteko gaztearen inguruan mintzatu zen. «Mutil arrunt bat» jarri zion izenburu, zer eta hilketa bera arrazoitzeko eta hiltzailea biktima gisa agertzeko idatzitako artikuluari. Antza, bikotekideak uztea eta hark espero zuen haurraren aita ez zela esatea -hori kontatu du berak- nahikoa arrazoi iruditzen zaio inor itotzeko. Pentsatu egiten du eta hori bakarrik ez, idatzi egiten du, gainera, lasai asko. Bere burua hiltzailearen larruan jarri, eta horrelako albiste bat jasotzeak, bere hitzetan, «ez du heriotza fisikoa eragiten, baina barrutik hiltzen zaitu» eta horrek «ulergarri egiten du» haren jarrera.

Noski, hautsak harrotu zituzten Sostres delakoaren hitzek zenbait sektoretan, eta probokazioaren eta delituaren jokoan sartzen uzten dien egunkariko arduradunak oharra kaleratzera behartuta ikusi zuten euren burua. «El Mundo» egunkariko zuzendari Pedro J. Ramirezen hitzetan, «kontrol tresnek egin zuten huts»; egiten dute huts, aldiro.

Egia da, ez dut egunkari hori maite eta neure barne lasaitasunerako han eta ez besteren batean irakurtzeak gehiago balio du; baina, hala ere, oraindik egunkarietan horrelako gauzak pentsatu eta esaten dituztenei tokia egiteak amorrua eragiten dit, haserrea eta bestea zenbait sentsazio, txarrak guztiak ere.

Politikoki gertukoa sumatuko duten arren, ez dut ulertzen horrelakoak pentsatu eta adierazten dituztenei -Sostres delakoaren moduko bakarren batzuk etorri zaizkit burura- nola egiten zaien tartea. Egunkarikoek ez ezik, handik kanpoko «kontrol tresnen hutsek» eragiten didate benetan ardura, batzuetan hain fin dabiltzanak; hitzok irakurri eta entzun eta inolako korapilorik sentitzen ez dutenen pasotismoak; mezuok hainbatengan sor ditzaketen ideiek... Zorroztu dezatela lupa!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo