GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Arantza Urkaregi Etxepare eta Begoñe Agirre Pereda | Ezker abertzaleko Bizkaiko batzarkide taldearen izenean

Aldaketa politiko eta soziala premiazkoa da Bizkaian

 

Pasa den martxoaren 28an, Bizkaiko Batzar Nagusiak desegin egin ziren, eta Bizkaiko Batzar Nagusietako ezker abertzaleko batzarkideok 2007-2011 legegintzaldiaren balorazioa egin nahi dugu.

Lehenik eta behin, gogorarazi nahi dugu Batzar Nagusi hauek ez dituztela ordezkatu bizkaitarrek 2007ko hauteskundeetan emandako bozak: ezker abertzaleak 5 batzarkide atera zituen, baina bakarra hartu zen legezkotzat, Enkarterrietakoa, hain zuzen ere. Eta egoera horretan egin behar izan dugu geure lana lau urteotan zehar.

Gainera, erakunde honetako politika Bizkaiko Foru Aldundia kudeatu duen Eusko Alderdi Jeltzaleak zehaztu du, PSEren laguntza eskergarekin aurrera atera duen politika. Horren adibide garbi ditugu urtez urte aurrera atera diren aurrekontuak, PSEren babesari esker.

Aipatu politika hori lau paretaren artean erabaki da, herritarren inolako parte hartzerik gabe, egun zeharo zaharkitua eta baliogabetua dagoen demokrazia ordezkatzailearen izenean. Eta hori gutxi balitz bezala, garatzen duten politika, gure ustez, bizkaitarrontzat eta Bizkaiarentzat oro har oso negatiboa da, hurrengo arrazoiengatik:

Zerga-sistema injustu batean oinarrituta dago. Alderdi nagusiek ez dute inolako eztabaida sakonik egin nahi izan zerga-sistema horren gainean, baina, aldiz, aldaketa txikiak egin dizkiote etengabe, betiere enpresen onurarako eta bizkaitar gehienen kalterako. Horren adibide garbia ditugu Foru Ogasunak emandako azkenengo datuak: pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren bidez (PFEZ/IRPF) %3,3 gehiago bildu da; sozietateen gaineko zerga bidez bildutakoa, aldiz, %18 murriztu da. Hau da, langileok gara, krisi garaietan ere, gehiago ordaintzen dugunak, enpresek, krisia aitzakiatzat hartuz, askoz ere gutxiago ordaintzen duten bitartean.

Aldunditik «pertsonak dira gure lehentasuna» behin eta berriz badiote ere, euren ekintzek kontrakoa diote: makroazpiegiturak eta errepideak dira Foru Aldundiaren «izarrak». Ekonomikoki jasanezinak diren apustuak, ingurumen aldetik ere gauza bera... Aldundiak 65 milioi euro erabili berri ditu Artxandako tunelak porrotetik ateratzeko, enpresa emakidadunaren onurarako. Bizkaitarrok, aldiz, tunelak ordaintzen jarraitu behar dugu. Eta hori SuperSur delakoarekin gertatuko denaren aurreratze bat besterik ez da: makroerrepide honen eraikuntzarako Aldundia 1.000 milioi eurotan zorpetu da, eta diru-kopuru hori ordainsarien bidez berreskuratzeko asmoa omen du.

Eta azpiegitura erraldoietan inbertitzen den diru guztia gizarte zerbitzu publikoetan inbertitu gabe geratzen da, noski. Gaur egun, Bizkaian dauden gizarte zerbitzuak eskasak eta kalitate gutxikoak dira. Ezinbestekoa da Bizkaiko Foru Aldundiak benetako apustua egitea gizarte zerbitzu publikoen alde, kalitatezko lanpostuak sortuko bailituzkete, kalitatezko zerbitzuak eskainiko bailituzkete eta mendekotasun egoeran dauden edota gizarte bazterketa jasaten duten pertsonen hobekuntza eragingo lukete, beste hainbat onuraren artean. Bizkaiko Foru Aldundiak gizarte zerbitzuak «gastu» gisa eta azpiegiturak «inbertsio» gisa hartzeari uzteko garaia bada. Gizarte zerbitzu publikoetan inbertitzea etorkizuna duen apustua da. Ez da gastu bat, bizkaitarron bizi baldintzak hobetzeko ezinbestekoa den inbertsioa baizik.

Ez da egon Aldundiaren partetik Bizkaia osatzen duten eskualdeen garapenerako proposamenik. Krisiak gogor jo ditu Busturialdea, Ezkerraldea, Enkarterriak... eta Aldundiak ez du enpresak ixtea eragotzi, baita diru-laguntza publikoak jaso dituztenean ere, eta ez du politika integralik zehaztu eskualdeon garapen orekaturako. Eskualde ezberdinetako eragile ezberdinek egindako aldarrikapenei entzungor egin die, Busturialdean kasu. Izan ere, eskualde horretan bazuten Eusko Jaurlaritzak berak onartutako plan bat eskualdearen garapenerako, eta plan hori ez da egikaritu (Enkarterrietan Habidite proiektuarekin gertatu bezala); Aldundiak gogor eutsi dio, aldiz, herritarren iritziaren kontrara, Guggenheim-Urdaibai proiektuari.

Horregatik guztiagatik, Bizkaian aldaketa politiko eta soziala ezinbestekoa dela deritzogu, aldaketa parte hartzea zabaltzeko, gardentasuna bermatzeko, benetako gizarte politikak garatzeko, garapen iraunkorra benetan sustatzeko eta, nola ez, independentzia bultzatzeko. Eta aldaketa hori datorren maiatzaren 22ko hauteskundeetan gauzatuko dela espero dugu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo