GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Ariane Kamio Kazetaria

Esperantzara kondenatua

Euskal Herria transexuala dela pentsatzen hasia naiz aspaldion. Zenbat pentsaera biltzen ote dira gure lurraldean atseginak ez diren gorputzen baitan? Espainolez jantzitako euskal herritarrak, gaztelaniaz kaka egiten duten euskaltzaleak, preso bizi diren gizabanako askeak.

Hamaika gizalege hamaika aukeren artean, baina ez guztiak libre, ez guztiak zilegi. Bizitza, baita transexualena ere, paradoxaz betetzen du denboraren joan-etorriak. Gaur beltza dena bihar zuri izan liteke, eta segundoek, minutuek eta orduek soilik alda dezakete geroa deritzogun horrek ekarriko digunaren norabidea. Trebiñuk, Euskal Herriko lurralde transexualetako batek, hala arrazoitu zuen pasa den astean, Korrikaren abiatzearekin batera. Maite ez duen gorputzean preso bizi den eremua «destransexualizatu», «heterosexualizatu» -hori baita tamalez gaur egungo hauturik «balizkoena»- zen ostegunean. Egun bakar batek, edo hobeto esanda, ordu bakar batzuek eraldatu zuten haren hizkera, jokamolde eta sentipena. Azken batean, bizipoza deritzon hori berreskuratze aldera.

Euskal Herria etengabeko hormonazio tratamenduan dago. Bularrak, bizarra, ahots berria agertzen ari den herria dela esan daiteke, eta sexuz guztiz eraldatuko duen azken ebakuntzarako prozesua abiarazi duela, azken emaitza ahalik eta lirain, polit eta dotoreena izan dadin.

Norberak atera behar ditu, ordea, gorpuzkin inposatu horren baitan agerikoak diren zantzuak, egoera normalizatu bateraino iristeko bidean.

Gatza eta piperra behar izaten omen ditu gizabanakoak bizipoz horri eusteko, alde egiten ez uzteko, eta zerbaitek, bizitzan segundo bakar batez bada ere, irria eragin ahal izateko. Batenak, birenak, hirurenak eta bost mila lagunen irriak ere piztuko dira gaur, kasik 31 urteren ondoren, aske dagoela esan ahalko duen gizasemeak sorraraziko dien endorfina deskarga anitzari esker. Izan ere, sinesgaitza dirudien arren, denborak agintzen ez duen uneak ere existitzen dira oraindik, 31 urte eta gero esperantzari lotuta jarraitzen baitu denok hainbeste maite dugun horrek. Bizitzak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo