GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Txutxi Ariznabarreta (*) | Independentistak Sarearen izenean

Independentziaren Eguna

 

Aurten inoiz baino beranduago dator Aberri Eguna, apirilaren azken igandean, hain zuzen ere. Nafarroaren Eguna Baigorrin azken hiru hamarkadotan Basaizea elkartearen eskutik ospatu izan den egun berean. Beraz, bi ospakizunak egun berean, Aberri Eguna eta Nafarroaren Eguna.

Datorren urtean, 2012an, gure Herriaren imajinario kolektiboan izugarrizko garrantzia duten iraganeko bi gertaeraren urteurren borobilak beteko dira: 75 urte Gernika bortizki bonbardatu zutenetik eta 500 Nafarroa indarrez konkistatu zutenetik. Gure Herriaren aurkako eraso eta inposaketa historiko bortitzak biak. Menperatzea, zanpatzea eta gure burujabetzaren deuseztatzea adierazten duten bi gertakizun.

Halabeharrez, Aberri Egunak eta Nafarroaren Egunak bat egin dute aurten, 2012ko urteurren hain esanguratsuaren ateetan. Abertzale guztiok Nafarroako Erresuma era bortitzean konkistatu eta gure Estatua deuseztatu ziguteneko data hain tristea gogoratu eta, 500 urte geroago, XXI. mendean, gure askatasuna berreskuratu eta Euskal Estatua berriro eraikitzeko borrokari tinko eusteko konpromiso kolektiboa aldarrikatzeko prestatzen ari garen une honetan datorkigu ospakizun bikoitza apirilaren 24 honetan. Hau guztia kontuan hartuta, Independentistak Sareak deialdi bikoitza egin du, eta aldi berean plazaratu du aurtengo eta datorren urteko Aberri egunen deialdia. Aurtengoa, Gernikan eta Baigorrin, eta datorren urtekoa, Iruñean. 2011 eta 2012, Gernikatik eta Baigorritik, Iruñera. Gernika, gure askatasunaren ikurra, Baigorri, nafar lurralde batasunaren ikurra eta Iruñea, Nafarroako Erresumako eta Euskal Herriko hiriburua, lotu nahi ditugu bi urte hauetan. Baigorrin, Basaizea elkartearekin elkarlanean, Nafarroaren Egunaren barruan egingo da eguerdian Aberri Egunaren ekitaldia. Gernikan egun osoko egitaraua burutuko da, eguerdian manifestaldia eta ekitaldi politikoa eta, ondoren, aldarrikapenak eta jaiak bat egingo dute gauera arte.

«Argi berdea independentziari» izango da aurtengo Aberri Egunaren leloa, hau da, euskal nazioa aitortu, eta independentziarako, askatasunerako duen eskubidea errespetatzeko exijentzia. Hiru puntu laburretan zehazten den aldarrikapena: Euskal Herria, euskal nazioa, aitortu eta errespetatu, inolako ukazio eta lurralde mugarik gabe; Euskal Herria nazioa izanik, euskal herritarrok gure herriaren etorkizuna libreki erabakitzeko dugun eskubidea aitortu eta errespetatu. Hots, autodeterminazio eskubidea; joko demokratiko garbia, proiektu guztiek, independentziarena barne, jakina, baldintza berdinetan defendatu eta gauzatzeko aukera izan dezaten. Eta gauzatzerako orduan, baldintza: euskal herritarren gehiengoak era libre eta demokratikoan adierazitako babesa. Argi berdea independentziari, euskal independentista guztiei, eta demokrata guztiei orokorrean, bideratzen zaien erronka, guztion artean independentziari argi berdea piztu diezaiogun, horixe izango delako, hain zuzen ere, argi berdea demokraziarentzat.

Euskal Herri osoa animatzen dugu Independentista Sareak Baigorrin eta Gernikan antolatu dituen ekitaldietan parte hartzera, denon artean Aberri Eguna izugarrizko olatu berde erraldoia bilakatu behar dugulako era tinkoan erakusteko 75 urte geroago, 500 urte geroago, Euskal Herria bizirik dagoela! Eta gainera, bere askatasunaren sua behin betiko pizteko prest, independentziaren argi berdea pizteko prest.

Alderdikeriak alde batera utzi eta mundu osoan zehar zabaldurik gauden sentsibilitate guztietako euskal independentistok izugarrizko mugimendu indartsu eta eraginkorra eraiki behar dugu datozen urteotan independentzia lortzeko bidean dauden nazioen taldean Euskal Herria ere sartzeko, eta hori horrela aitortua izan dadin nazioartean.

Apirilaren 24an berriro ere abertzale guztiok, kolore guztietako independentistok, aniztasunean elkarturik Aberri Eguna ospatzeko aukera dugu. Alderdiek, eta gainetiko eragileek, urte osoa daukate euren eguna ospatzeko. Baina, Aberri Eguna abertzale guztion eguna da, abertzaleok elkarturik ospatzeko eguna. Aberriaren Eguna. Independentziaren Eguna!

Independentistak Sarearen helburu nagusietarikoa da independentistak interkonektatu eta auzolan erraldoia martxan jartzea eta, aldi berean, independentismoaren indarra azaleratzea. Asko gara, gero eta gehiago, baina ikusezinak oraindik neurri handi batean. Aberri Egunak independentista guztion artean geure indarra erakusteko eguna izan behar du, gero eta gehiago garela erakusteko eguna, eta euskal independentismoaren hazkundea gure jendartearen aurrean, Estatuen aurrean eta mundu osoaren aurrean erakusteko eguna. Independentismoaren termometroa.

Iazko Aberri Egunean independentismoaren garai berri hauen lehen urratsa egin genuenetik lan handia burutu dugu, sarea hedatu eta olatu berdea martxan jarri dugu. Orain, emaitzak erakusteko ordua da. Denok Gernika eta Baigorrira! Denok Independentziaren Egunera!

(*) Artikulua Ramon Labaien, Itziar Ituño, Ixabel Etxeberria, Paul Nicholson, Maite Aristegi, Oskar Bañuelos, Maider Carrere, Jon Andoni del Amo eta Garbiñe Buenok sinatzen dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo