GARA > Idatzia > Euskal Herria

ZIENTZIA

«Eskaintzak sortu nahi du eskaria telekomunikazioen alorrean»

Ez dira dibulgazioa lanetan buru-belarri aritzen, baina iaioak dira. Biek estreinaldia dute ia, baina hiztegi aberats eta xehea eta ideien sintesia uztartu, eta hasieran traketsak ziruditen gaiak modu argian azaltzen asmatu dute. CAF-Elhuyar sarien irabazleak dira, artikulu orokorraren atalean bata, doktore-tesietan oinarritutako artikuluen sailean bestea.

p020_f01.jpg

Jose Maria Rivadeneyra
Informatika Fakultateko irakaslea

Informatika irakaslea da EHUn eta ikasleekin hartu-emanean lantzen du dibulgazioa. Inguruan sumatu duen ardurari erantzun nahi izan dio, berriz, CAF-Elhuyar sarietara aurkeztu duen artikuluarekin. «Merezi ote du banda-zabalera handitzea?» lanarekin artikulu orokorraren saria jaso du.

Maider EIZMENDI

Asmatu du. Interneteko banda-zabalera ur hodiarekin parekatu, eta hala azaldu du, ur korronteak balira bezala, informazio jarioaren fluxua. «Merezi ote du banda-zabalera handitzea?», galdera- rekin osatu du CAF-Elhuyar dibulgazio artikulu orokorraren saria eman dion lanaren izenburua. Eta horri modu argigarrian erantzuten saiatu da artikuluan. «Behin baino gehiagotan egin izan didate niri galdera hori. Ardura hori antzemanda eta deialdia ikusita, bi lerroak gurutzatu eta artikulu batean azaltzea erabaki nuen», arrazoitu du lehiaketan parte hartzeko bultzada.

«Intuizioak esaten digu, etxean sartzen den tutua -banda-zabalera- handiagoa den neurrian, jarioa eta abiadura ere handiagoa izango direla; eta askotan ez da horrela izaten, egiten dugun erabileraren araberakoa baita hori», azaldu du. Artikuluan jaso duen moduan, egun erabiltzaile gehienek «surfeatzeko» baliatzen dute Internet. Horretan, banda-zabalerak zeresana du, baina askotan ez da oztoporik handiena izaten. «Weben kasuan benetako abiaduraren muga TCP protokoloa baita». Hainbat funtzio ditu eta horietako bat da buxadura ekiditea; bide horretan, «lehen momentuan oso abiadura txikia baimentzen dio igorleari, buxadurarik ez dagoela frogatu bitartean; gero handitzen du, arazorik atzematen ez badu».

Esan beharrik ez dago, abiadura baldintzatuta dagoela, halaber, webgunearen tamaina, konexioaren abiadura eta zerbitzaria eta gure etxearen arteko distantziagatik ere. «Distantzia handiak eta dokumentu txikiak dira traketsenak abiadurari dagokionez eta, aldi berean, ugarienak», argitu du.

Erabilera ezberdinak

Weben kasuan, beraz, protokolo horren erabilerak deuseztatu dezake hasiera batean banda-zabalerak eman ditzakeen abiadura abantailak. Beste aplikazio batzuen kasuan, esaterako, Internet bidezko telebista ikustean, egoera bestelakoa dela azaldu du. «Hor ez da TCP protokoloa erabiltzen eta hasiera mantsoaren kontua ez da arazoa, banda-zabalera eta datuen galera baizik».

Rivadeneyraren esanetan, jende gehienak ez du eskaintzen den adinako banda-zabaleraren premiarik. «Eskaintzak sortu nahi du eskaera», eta une honetan konpainiak arlo batzuetan «beharren aurretik» doazela uste du. Etorkizunari begira, ordea, zalantzarik ez du: «Beharrezkoa izango da banda zabalera handiagoa». Arrazoitu egin nahi izan du bere iritzia, eta adierazi du egun oraindik gutxi direla telebista Interneten bidez ikusten dutenak edota oraindik gehientsuenek telefono linea arrunta baliatzen dutela. «Hori ez da horrela izango etorkizunean», ohartarazi du, ordea; hori jakinda, halabeharrezko pausoa ematen ari dira telekomunikazio enpresak, besteak beste banda-zabalera handitzen.

Informatika irakasle honen lehen dibulgazio artikulua izan da hau; ez du, ordea, dibulgazioarekin lehen kontaktua, irakaslea den aldetik, bere lanak «dibulgazio puntua baitu».

Bilatu duen helburua eta jomuga publikoa argi identifikatu ditu: «Erabiltzaileek ez dute zertan ezagutu datu teknikoak, baina artikuluan, dibulgazio zientifiko teknikoa den adinean, saiatu naiz kontzeptu horiek azaltzen jakin-mina duen jendearentzat».

Dibulgaziorako bultzada

Uste baino erantzun hobea jaso duela adierazi du, gainera. «Nire inguruan interes handia ikusi dut -azaldu du- eta egia esan harritu nau, ez bainuen espero horrelako oihartzuna jasotzea. Esparru txikiago batera zabalduko zela uste nuen, baina jende askok jaso du honen berri, eta gainera, jende askorengan interesa piztu du. Batek baino gehiagok eskatu dit artikulua irakurtzeko, izenburuan azaltzen den galderaren erantzuna jakin nahi duelako».

Interes hori sumatzea eta saria bera akuilu bilakatuko zaizkiolakoan dago: «Sariak animatzen du, bultzada bat da eta planteatu diot nire buruari, `badirudi ez dudala horren gaizki egiten'».

Unibertsitatean, oro har, dibulgazio alorrean lan egiten dela dio, baina zenbait kasutan zailtasunak direla uste du: «Gaietan sakontzen dugu eta, oro har, gizartearen egunerokotik urrun ikusten dira, nahiz eta errealitatean aplikagarriak diren. Ez da erraza, ordea, zubi hori eraikitzea, konektatzea».

Informazioa oinarrizkotzat jotzen du Interneti lotutako «beldur itsuak» ezabatzeko, eta bide horretan aurrerapausoak ematen ari direla uste du: «Ordenagailuak orain urte batzuk mis-terio bat ziren; belaunaldi berrientzat, ordea, informatika, ordenagailuak eta Internet kontu naturalak dira; hasieratik jorratzen duten bide bat da eta erraz kontrolatzen dutena».

Eurentzat «harreman zuzenetarako tresna garrantzitsua bilakatu da sarea». Helduagoak garenok, ordea, «beste arlo batzuetan eraiki ditugun portaerak aplikatzen ditugu arlo horretan, baina, akaso, ez dira egokiak; gazteek beren jarrerak eta portaerak testuinguru horri egokituta garatzen dituzte eta horregatik daude prestatuago».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo