Lander GARRO Idazlea
Esadazue
Kartzela ez da itxita egotea ateratzeko aukerarik gabe, ez da hesi bat, lau horma, giltzarrapo bat kanpotik bakarrik ixten dena. Ez da han egotea hemen egon gabe, ezberdintasuna aldea balitz bezala, tokia, geografia bat. Kartzela ez da: hau da zure etxea, hemendik kanpo zure bizitza dago, zu gabe, baina zure bizitza hemen dago, entzun ezazu ondo, zure bizitza, zure zerak, zaletasunak, irakurketak, kirola, ekintza txikiak, lagunak eta egunak. Ez, kartzela oso bestelako gauza bat da. Kartzela da biluztu zaitez, zutitu zaitez, eman ezazu buelta, jaso itzazu zure gauzak, bazoaz, bazatoz, eta inork ez daki noiz, nora eta zergatik. Kartzela da ‘ez’. Ukoa. Kartzela da atera itzazu liburuak, atera itzazu kasete horiek, atera itzazu galtzontziloak eta galtzerdiak, boligrafoa, koadernoa, lanpara hori, atzazalak moztekoa, hortz-eskuila, atera itzazu zure ondasun guzti-guztiak: isolatuta zaude agindu berriaren zain. Kartzela da geldi ezazu furgoneta eta atera ezazu baskoa, bidaia pixka bat luzatuko diogu: txikitu egingo dugu, bakearen izenean. Kartzela da infernua, nahita infernu bilakatutako zuloa, lubakiaren antz askoz handiagoa duena etxearena baino, hilkutxaren antz handiagoa duena hotelarena baino. Kartzela da hemen legeak ez du balio, hemen legeak ez du garrantzirik, hemen zu eta gu gaude, etsaiak parez pare, Espainiaren ideia eta Euskal Herriaren ametsa, eta geu indartsuagoak garela sinetsaraztea izango da geure xede bakarra, horretarako likidatu behar bazaitugu ere. Kartzela ez da munduaz beste aldera dagoen zulo ikusezina, kartzela bera da mundua. Gu gara errealitatetik kanpo geratutakoak, ez haiek. Ikusi duzue Gatza hilkutxatik zutitu eta alaba besarkatzen duen unea? Esadazue ez zaizkizuela ileak arantza bilakatu, ez zaizuela azala hezurretaraino uzkurtu. Esadazue besarkada hura ez dela geurea ere.