Independentzia, gizalegez eta adimen argiz
Bartzelonako herri galdeketarekin, urtebete baino gehiago iraun duen autodeterminazioaren ariketa praktikoari amaiera eman zaio. Hasieratik arrakasta publiko nabarmena eta nazioarteko komunikabide ospetsuenen jakin-mina bereganatzen asmatu du ekimenak, eta kanpaina irudimentsu baten eskutik, 800.000 herritarrek parte hartzea lortu du. Erabakitzeko eskubidearen aldeko herri ekimenak Kataluniaren historia hurbilean autogobernu eta burujabetasun maila handiagoak lortzeko aukerari ateak zabaldu dizkio, gizalegez, inteligentzia politikoz eta barne pluraltasunaren aurrean errespetu osoz. Kataluniaren egungo elite politikoak ez omen du «abenturara» joko, eta Estatuarekin itun fiskal berria hitzartzeari lehentasuna emango dio. Baina gizartean joera independentista sendotu egin da, eta aurrerantzean independentziaren aldarrikapena ez da egundo bazterreko kontua izango, ameskeria edo sukar iragankorra. Independentzia nazionala, Europako hainbat herritan bezala, Kataluniako politikagintzaren mainstream delakoan errotu da dagoeneko. Alderdi politikoen programa partikularra baino, sostengu herritar sendoaz eta tresneria instituzional egokiaz hornitu behar den egitasmo kolektibo gauzagarria bilakatzeraino. Independentziaren bidean lezio ederra eman dute Katalunian. Bere bidetik abiatuta, bere aukera eta ezinen jabe, bat egiten du harekin Euskal Herriak.