GARA > Idatzia > Ekonomia

Kapitalismoari alternatibak azaltzeko bi asteko Foruma abiatuko du Bizik

Ainize BUTRON | BAIONA

«Kapitaslimoa, non da irteera?» galderari erantzuteko foruma eginen du Bizi mugimenduak datorren apirilaren 15etik maiatzaren 1a arte.

Sistema ekonomiko hori baztertzeko alternatibak badirela eman nahi dute ezagutzera Hendaia, Baiona, Maule, Hazparne eta Ezpeletan hainbat hitzaldi eta film proiekziorekin.

Forumean gai anitz jorratuko dituzte. Apirilaren 15ean hasiko dira saioak Hendaian, Jose Bove altermundialista eta eurodiputatuaren «Kapitalismotik ateratzea posible ote da?» hitzaldiarekin.

Ondotik, egunez egun, energia berrien, klimaren, estrategia altermundialisten eta tokiko alternatibak sustatzeko argibideen inguruko eztabaidak izanen dira, besteak beste.

Horrenbestez, Forumak iraunen duen bitartean bi mahai-inguru izanen dira. «Kapitalismoa: nondik da irteera?» eztabaidan Michel Berhokoirigoin Laborantza Ganberako lehendakaria, Maxime Combes ekonomialaria, Gus Massiah Nazioarteko Kontseiluko kidea, Amaia Muñoa ELAko kidea eta Victor Pachon Cadeko bozeramailea bilduko dira.

Hamabost egun horiei maiatzaren 1eko manifestaldiarekin emanen diete amaiera. «Kapitalismoa kanpora» deialdi nagusiaren inguruan, Bizik besta eta borroka giroan hartuko du parte desfilean.

Ondotik, Baiona Ttipiko Cordeliers karrikan, aperitifa, musika emanaldiak, erakusketak, eta artisten ekitaldiak izanen dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo