GARA > Idatzia > Kultura

Andoni TOLOSA «MORAU» Musikaria

Peio

Ez dakit, baina bada jendea, bere hiztegitik «ezinezkoa» hitza ezabatua duena. «Zer behar duzu?», galdetzen dizute, eta nahiz eta munduko gauzarik arraroena eskatu, aurpegi ona jarri eta «Bada, hori egiteko modua ez bada, topatuko dugu, lasai egon..» erantzuten dizute. Agian barrutik tripak sutan dituzte, baina ez zaie nabaritzen. Egia da, gero eta gutxiago dira «lortzaileen» arraza miresgarri honetako kideak. Aurrekontuek mugatzen ez dutena, gogoak mugatzen du, eta bestela, beldurrak. Azkenean, beti dago arrazoiren bat eskatutakoa, estandarretik ihes egiten duenean, behintzat, arbuiatzeko. Peio izan daiteke musikari pobreontzat, eta besteentzat, ezinbestekoa den «lortzaile» horien adibidea.

Plaza taldeak ez dira horretarako eskola txarra, inondik inora. Ziurrenik, Izotzen emandako urteetan aukera (behar gorria) eduki zuen, gainditu ezinak diruditen oztopoei aurre egiteko. Eta ondorioz teknika oso pertsonala perfekzionatzeko. Maisutasun paregabea, ia-ia beste mundukoa, eskuratu zuen tarte horretan. Umorea, pazientzia, irudimena eta esperientzia nahasketa perfektua. Horri gehitzen badiogu, teknikariek besteari (musikari, antolatzaile, ikusle, autoritate....) arrazoia emanez nahi dutena lortzeko duten trebezia, arte delikatua. Hortxe dugu Peioren erretratuaren alde bat. Teknikaria baino gehiago, askoz gehiago da. Behar denean teknikari, behar denean musikari, behar denean antolatzaile izan daiteke, eta askotan guztiak batera izaten daki. Beti desordutan ibili eta sekula aberastuko ez den beste bat. Musika zaletasunaren kondenak harrapatutako beste bat. Zabarkeria gaixotasun kutsakorra dela badaki, eta ez dit esan, baina nonbait txerto ezin hobea eman zioten, ez baita hainbeste urteren buruan gaixotu. Eskatu beharko diot errezeta.