Zigorgabetasun Legea indargabetzeko beste urrats bat eman dute Uruguain jazarpen hamarkadak
Artean legea erabat ezereztatu ez duten arren, diktadura garaian giza eskubideen urraketak egin zituzten militarrak aurki epaitzen hastea espero dute Fronte Zabalean. Lege proiektuak, ordea, zenbait polemika sortu ditu bai alderdien artean, bai alderdi bereko kideen artean.
GARA | MONTEVIDEO
Zigorgabetasun Legea iraganeko historiaren pasarte ilun bat bilakatzeko puntuan dago Uruguain. Izan ere, lege horretan jasotzen diren hainbat artikuluren baliogabetzea ahalbidetzen duen proiektua onetsi zuten herenegun Senatuan, 1973 eta 1985 urte bitarteko diktaduran giza eskubideen urraketengatik militarrak epaitzea oztopatzen zuen legea erabateko galbidean ipiniz.
Eztabaida sutsua izango zela zioten aurreikuspen guztiek; eta halakoxea izan zen, dudarik gabe. Hamabi ordu iraun zuen eztabaidak Senatuan, eta 31 senatarietatik hemeretzik jardun zuten hizlari. Azkenean emaitza ere estu-estua izan zen, aldeko hamasei boto eta kontrako hamabost boto bilduta.
1986. urtean onartutako Zigorgabetasun Legearenak egin duela askoren ustea izan arren, artean ez ditu erabateko deuseztapenerako urrats guztiak eman, beste langa bat gainditu behar baitu oraindik Kongresuan; alabaina, erabaki horren aurka oposizioak errekurtsoa ipin dezakeela jakinda ere, giza eskubideen urraketak gauzatu zituzten militarrak epe laburrean epaitzen hastea espero dute Jose Mugika presidentearen Fronte Zabalean. 2010ean boterera heldu zenetik, zenbait militar epaitzea ahalbidetu dute bere koaliziokoek, baina artean hainbat auzi epaitzeke daudela jakin badakite: «Behartutako desagerpen, tortura eta auziz kanpoko exekuzioak debekatzen zituen lege bat zegoen diktadura garaian, eta halakoak egin egiten zituzten, hala ere. Merezitakoa jaso behar dute orain», gogoratu zuen Oscar Lopez Goldaracena senatariak.
Zigorgabetasun legearen interpretazioak zalaparta eta zatiketa handia sortu ditu, ez soilik alderdien artean, baita alderdi bereko kideen artean ere. Fronte Zabaleko Jorge Saravia senataria, esaterako, koaliziotik kanporatua izan zen duela egun gutxi, lege proiektuaren alde bozkatzeari publikoki uko egin ostean. Atzo, ostera, Eleuterio Fernandez senatari ofizialistak eman zuen dimisioa, izan ere, proiektuaren aldeko botoa eman zuen arren, «alderdiaren diziplinari» jarraiki egin zuela onartu zuen eta harekin bat ez datorrela argi utzi.