Hitzei irudiak jartzen ausartu ziren lehen bizkaitarrak
XV. eta XX. mendeetan Bizkaiko ilustratzaileek utzitako «Odisea grafikoa» biltzen du atzo Bilboko Foru Liburutegian inauguratu zen erakusketak. Berrehundik gora eskuizkribu, liburu, grabatu, kartel, komiki zein aldizkarik osatzen dute ondare garrantzitsu hau.Ane ARRUTI | BILBO
Bizkaiko ilustratzaileen lanen lagin mardula bildu du «Ilustratzaileak Bizkaian XVI-XX. Odisea grafikoa» erakusketak. XV. mendeko lehenengo aurrekarietatik hasi eta zendu berri den Juan Carlos Eguillorren lanetaraino, ilustrazioaren historia eta artea nola garatu den ikus daiteke ekainaren 25era bitartean Bilboko Foru Liburutegiko areto nagusian.
Berrehundik gora pieza bildu ditu erakusketak, sei ataletan banatuta. Lehenengoan, eskuizkribuak daude ikusgai eta bi «harribitxi» topatuko ditugu bertan, Astarloa liburu-dendako Javier Madariagak, erakusketako komisarioak, azaldu bezala. Bata, 1507an Ybarra batxilerrak marraztutako «Autos y sentencia en el pleito de la Colegiata de Santa María de Cenarruza contra los dueños de la Casa Otalora» deituriko eskuizkribua. «Garai hartan inprentarik ez zegoen eta kaligrafoak eta miniaturagileak arduratzen ziren testuak apaintzeaz», esan zuen Madariagak.
Bigarren harribitxia, «Probanza y genealogía de hidalguía de los hermanos Pedro y Sancho de Vilbao La Vieja» deiturikoa da, Francisco de Mendietak 1605ean egina, Begoñako ama birjinaren irudi eta guzti.
Kaligrafia eta ilustrazioaren aurrekari grafikoekin egiten du aurrera erakusketak. XVI. mendean, inprenta Bilbora heldu aurretik, kaligrafiaren «iraultza» ekarri zuten Juan de Iciar eta Pedro de Madariagaren izkribuek, idazteko arauak edo idazluma nola hartu behar den azaltzeko oharrak biltzen dituzte.
Mathias Mares juduak ekarri zuen lehenengo inprenta Bilbora 1577an, eta orduan hasi ziren testua eta irudiak tartekatzen -aurretik portadetan egin ohi zen-. XVI. eta XVII. mendeetan ilustrazioak xilografiaren eta zurezko grabatuaren bidez egin ziren, eta gero kalkografiaren edo behe erliebeko grabatuen bidez.
XVIII. menderaino itxaron behar da Bizkaian inprimatutako lehen kartelarekin topo egiteko. 1760koa da eta zeta gainean inprimatua. Hizkien inguruan, ehunezko estanpatuak ditu.
Komikiak eta «Peru Abarka»
XIX. mendean izen bat azpimarratu behar bada, hori Jose de Bringas da. Bere eskutik iritsi zen lehenengo komikia, hirugarren guda karlistan egina eta «Album del auxiliar: episodios durante el sitio de 1874» deiturikoa. Bera izan zen, baita ere, 1876an produktu komertzial bat ilustratu zuen lehena, «Cerillas la Bilbaina» poxpolo kaxa, hain zuzen. Euskarazko lehen eleberria, Mogelen «Peru Abarka» ere, berak ilustratu zuen 1881ean, argitaratu zen urtean -1802an idatzi bazen ere-. Guztiak ikus daitezke erakusketan.
Euskarazko lehenengo liburu ilustratua, ordea, 1832an topatuko dugu, «Gaboneco cantia Jesusen Jaiotziaren ganian» izenekoa. Lehen emakume ilustratzailea, berriz, Carmen Delmas izan zen, 1888an egin zuen bere lehen lana.
XX. mendera salto eginez, frankismo garaiko hainbat lan ageri dira. Euskarazaleak elkartearen 1969ko «Kili-kili» aldizkaria, esaterako, edo geroago, Jesus Altunak eta Jose Migel Barandiaranek 1978an idatzitako «Itxaskaria» liburua.
Bukatzeko, erakusketak atal berezi bat eskaini dio bere burua bilbotartzat zuen Juan Carlos Eguillorri (Donostia, 1947-Madril, 2011). 1968ko «Las aventuras de Mari-Aguirre» edo handik hamar urtera egindako Bilboko jaietako kartela hautatu dituzte, besteak beste.
Erakusketa kronologikoki antolatuta dago sei ataletan. Azkenengoa Juan Carlos Eguillor ilustratzaile zendu berriari eskaini diote oso-osorik. Berak egindako Bilboko jaietako kartel ezaguna ikus daiteke, besteak beste.
Erakusketa ekainaren 25a bitartean egongo da zabalik, eta azken hilabete horretarako hainbat hitzaldi antolatu dituzte. Mikel Lertxundi, Jose Antonio Larrinaga eta Javier Madariagak hitz egingo dute ilustrazioari buruz.