Euskal kultura pizteko Oteizak proposatutako bide-orria kaleratu dute
«Ejercicios espirituales en un túnel» lanaren edizio kritikoa plazaratu du Oteiza Museoak, artistak jarrera estetiko-politiko batetik euskal kultura pizteko marraztutako bide-orriaren erakusgarria. Atzo aurkeztutako argitalpen berriak 1965ean idatzitako testu bat aztertzen du.
GARA | ALTZUZA
Oteiza Museoak kaleratutako lan berria artista honek «Quosque Tandem...!» lanaren jarraipen modura idatzitako testuaren gaineko azterketa da. 1965ean sortu bazuen ere, zentsura frankista zela-eta ezin izan zuen 1983ra arte argitaratu. Urtebete geroago beste edizio bat atera zuten, zuzendua eta zabaldua. «Ejercicios espirituales en un túnel» da obraren izena eta, atzoko aurkezpenean nabarmendu zutenez, ezinbestekoa da Oriokoaren diziplina anitzeko pentsamendua bere konplexutasun guztiarekin ulertzeko.
Oteiza Katedraren zuzendariak, Francisco Calvo Serrallerrek, egin du edizio kritikoa, Emma Lopez Bahuten laguntzarekin. Calvo Serrallerren hitzaurrearekin hasten da, eta ondotik 1984ko berrargitalpenaren faksimile edizioa (bi argitalpen originalak deskatalogatuta daude jada) eta honen euskarazko itzulpena datoz.
Ohar kritikoak, bibliografia eta onomastika aurkibidea gaineratu dizkie Lopez Bahutek artistaren testuei. Coruñako Arkitektura Eskolako irakaslea da, eta Oteiza Museoak 2007an kaleratu zuen «Eskulturatik hirira. Montevideon Jose Batlleri eskaini monumentua. Oteiza eta Puig, 1958-60» lanaren egilea.
Adierazi zutenez, atal kritikoak askatu egiten du liburuaren egitura konplexua, bibliografia eta historiako hainbat giltzarri erakusten ditu eta edizioak izandako gorabeheren berri ere ematen du (zentsore frankistek berek egindako iruzkinetatik hasi eta Oteizak testua prestatzeko lanean eta honek izandako edizioetan egin zituen oharretaraino ailegatzen da).
Argitalpen honek agerian jartzen du Oteizak euskal kultura pizteko marraztu zuen ibilbide-orria, jarrera estetiko-politiko batetik hain zuzen, poesia, hezkuntza, musika, hizkuntzalaritza, zinema, dantza edota kirolak barnean hartuz.
Hiru ariketa ignaziotarrez («Importancia del artista en la vida del pueblo vasco», «En esta hora para un renacimiento popular del Arte vasco» eta «El Arte como Escuela política de tomas de conciencia)» eta bertze hainbat eranskinez osatutako egitura bereziaz, artista handi honek gogoeta eta ekintza sorta bat proposatzen du, berak dioen bezala, tuneletik atera eta argia ikusteko.
«Ez nuen ustez nekienaz idazten; elkar ulertzeko idazten nuen, bizitzeko, informazioa sortzeko, konfiantza, ekintza, portaerak eragiteko», diosku autoreak berak lan honen bigarren ediziorako sarreran.
«Ejercicios» lanaren argitalpena Jorge Oteizaren oinarrizko obren edizio kritikoetako laugarrena da, «Poesia» (2006), «Quousque Tandem «(2007) eta «Estatuaria megalitiko amerikarraren ulerpen estetikoa» eta «Amerikako artistei gutuna. Gerra osteko arte berriari buruz» (2007) lanen ondotik etorria.