Kronika | Korrika 17
Gautxori euskalakariak, ilargiaren gerizpean hegan
Gaua maitaleen tartea da, eta «euskalakariena» ere bai. Gipuzkoara Irundik sartu ostean, Korrikak Oiartzundik Tolosarainoko bidaia eginez bete zituen ordu txikiak. Errenterian xanpainarekin eman zioten ongietorria martxari, ibilbide erdia bete baitzuen bertan. Une berezia izan zen Pasai Donibanekoa ere; Pasai San Pedrora txalupatxoan eraman baitzuten lekukoa.
Oihane LARRETXEA
Egunak aurrera doaz eta horrekin batera Korrikaren etapak agortuz doaz pixkanaka. Trebiñutik Donostiara 2.300 kilometro egingo ditu eta atzo, hain zuzen, lan erdia egina duela ospatu zuten Errenterian. Ibilbidearen erdiko muga zeharkatu zuen bertan, 1.253. kilometroan, eta zifra hori pozarren ospatu zuten herritarrek eta antolatzaileek. Aurreikusita zegoen bezala, 01.30 baino apur bat lehenago Santa Klara kaletik sartu zen. Buruan zihoan furgoneta, baita atzealdean kokatuta zegoena ere, argi distiratsuz hornituta agertu ziren, «Pausoz pauso» abestiaren erritmo biziekin dantzan arituko bailiran.
Erdigune zehatza herriko plazan zegoen ezarrita. Plaza zapaltzean hasi zen festa. Pum! pum! pum! Xanpain botilak bata bestearen atzetik zabaldu ziren, burbuilak kristalaren beste aldean aztoratuta zebiltzala. Zain zeuden, erdibidea ospatzeko irrikaz. Kortxoak airera bizi irtetearekin batera, botilak eskuetan zituztenek gogor astindu zituzten albokoak alkoholdun euri gozoz bustitzeko. Zirimiriari kolore gorri biziko suziriek lagundu zioten, atseginak suertatzen ziren zartadak eskainiz.
Jaiaz luzaroago gozatzeko aukera, ordea, Errenterian bertan gelditu zirenek izan zuten. Korrikak geldialdirik egiten ez duenez, euskararen aldeko martxak aurrera egin zuen. Ospakizun laburra izaten da «erdibidea», baina hunkigarria eta balio sinboliko handikoa da eta horregatik erdiko kilometroa jasotzeko aukera izaten duen herria ongi markatuta izaten da Korrikaren egutegian.
Zeruko perla
Bidean aurrera eginda, hurrengo herrian topatu zuen Korrikak gaueko bigarren une be- rezia, hain zuzen, Pasai Donibanetik Pasai San Pedrora lekukoa txalupaz eraman zutenean. Lekuko aldaketa ia hastapenetatik egin da modu honetan eta, ohiko lekuko aldaketaren aldean bestelakoa denez, ikusmin handia sortzen du. Ehunka pertsona gerturatu ziren Pasai Donibaneko elizaren parera, lekukoa uretan nola urruntzen zen ikustera. Hamar gizon eta emakumek goxo arraun egiten zuten bitartean, patroiak «eup! eup!» xuxurlatzen zuen, amultsuki, ilgoran eta ia bete-bete zegoen ilargia esnatu nahiko ez balu bezala. Itsasoa ere bare agertu zen, berak ere ez zuen goiko perla handia zirikatu nahi eta ikuskizunaz lasai gozatzen utzi zion.
Ia entzun zitekeen isiltasunean, txalupa Pasai San Pedroko ontziralekura heldu zenean, kolore biziko suziria jaurti zuten mantu beltzera. Zeruak soinekoa aldatu zuen, beltza erantzi eta gorria jantzi zuen, ia ezkutuan, susmorik sortu gabe. Erakargarria zegoen oso.
Bereziki xarmangarriak agertu ziren ordu txiki horiek. Misteriotsuak, edonor liluratzeko modukoak. Gaua ia hasi besterik ez zen egin eta luzea zen aurretik egiteko zegoen lana. Oiartzundik Astigarragarako bidean iluntasunak bat-batean irentsi zituen basoko zuhaitzak, ikusezin bihurtu zituen, desagerrarazi egin zituen mantu beltzaz, egunero egin ohi duen legez. Atzo, baina, beltzak bestelako distira azaldu zuen. Euskararen argiaz gidaturik, aurrera irmo egin zuten bildu ziren hogeina lagunek Zea Maysen «Negua joan da» kantuarekin. 3.00ak pasatxo ziren arren, kilometro batzuk bete zituzten, hortik ordu gutxi batzura lanera joan beharra zuten arren.
Hurrengo herrietan ere jende asko bildu zen, bereziki, aurrekoak bezala, eskolara joan beharra zuten gazteak. Astigarragan, 1.280. kilometroan, lekukoa hartu zutenek, hala ere, ez zuten beharra betetzeko asmo handirik azaldu. Umorez eta txantxetan, Rezola eta Lizeaga sagardotegietako bi gazteek txuleta afaldu berri zutela aitortu zuten eta «mindu» egin ziren baten batek furgonetatik noraino iritsiko ote ziren zalantzan jarri zuenean. «Dudarik ez izan! Hernaniraino gutxienez!», erantzun zien bietako batek.
Bidean aurrera eginda, korrikalari «euskalakari» bat xanpain botilarekin gerturatu zen furgonetaraino. Harritzekoa, detaile gisa emateko Astigarragako sagardoa hautatu ez izana.
Orduak aurrera, tenperaturak behera eta parte hartzaileen kopurua gora. Hernanik sekulako harrera beroa egin zion Korrikari 04:20 zirenean. Milatik gora izan ziren kalera atera zirenak, eta Hernanik ohi legez, ez zuen hutsik egin. Baserritarrez jantzita hartu zuten neska askok lekukoa. Hala jantzita ez bazen ere, Marian Beitialarrangoitia alkateak ere eraman zuen kalean gora, Udaletxeko plazaraino.
Andoain, Aduna eta Zizurkil izan ziren gauaren babesa izan zuten azken herriak, orduan egunsentiak utzi baitzituen agerian korrikalarien aurpegiak, eta maitaleen sekretuak.