Hormigoi-kamioi bateko gidaria hil da Baionako autobideko lanetan
GARA | BAIONA
Baionako A-63 eta A-64 autobideen elkarguneko obretan lanean ari zela, hormigoi-kamioi bateko gidaria hil zen atzo goizean, 8:45 aldera.
Dirudienez, Hiriburutik Ametzondora inguratzen ari zela bihurgune bat hartzerakoan, kamioia bidetik irten eta irauli egin zen. Gidaria, Ezpeletako 36 urteko gizona, zanpatutako kabina barnean geratu zen harrapatuta. Sorospen zerbitzuek eta Jendarmeriak handik ateratzea lortu zuten, baina ordurako hilda zegoen izandako zauri larrien ondorioz.
Kamioia Uztaritzeko enpresa batena zen eta, istripua gertatu zen unean, 38 tona hormigoi garraiatzen ari zen autobidea zabaltzeko aspaldi hasitako lanetan ari diren gunera. Hildako langileak egunero egiten zuen ibilbide hori eta bost urte zeramatzan enpresa horretan lanean.
Jendarmeriak ikerketa abiatu du istripuaren arrazoiak argitzeko.