GARA > Idatzia > Kultura

haur eta gazte literatura

«Paulen abentura miresgarria» Itsasoa gurasoen ohean dagoenean

p046_f02_36x52.jpg

X. ETXANIZ ERLE

Abentura eta miresgarria izango dela dio egileak liburu honen izenburuan; eta ilustratzaileak arrainen artean sirena batekin igerian ari den mutiko baten irudia erakusten digu; pijama jantzita duen mutiko batena, hain zuzen. Eta abiapuntu horretatik abiatuta irakurleak istorio fantastikoa eta abenturez betea espero dezake. Xabier Olasok, baina, bestelako kontuak aipatzen dizkigu ipuin labur honen hasieran. «Paulek oso atsegin ditu igandeak. Igandeetan nahi duen ordura arte egiten du lo», horrelaxe hasten da hirugarren pertsonan kontaturiko istorio hau, Paulen igandeak, eta igande goizetan egiten dituenak, kontatzen dizkigun ipuina. Pauli igande goizetan gehien gustatzen zaiona honako hauxe da-eta: «Esnatu eta, pixkatean, gurasoen ohera joaten da igandeetan. Ohitura hori du kozkorragoa zenetik. Txoriak habian baino pozikago egoten da gurasoen ohe beroan. Gozatu handia hartzen du erdi-erdian egote hutsarekin.»(6. or.).

Irakurlea, orriak pasa ahala, Paul ezagutzen joango da; haren jolasak, jokabidea, irudimen ikaragarria... ikusi ahal izango dugu Paul itsasontzi pirata bateko kapitaina delarik edo pressing-catcheko borrokalaria, beste batzuetan, aldiz, zirkuko saltinbankia izango da edo mamua; eta horrela, Paulen jolas eta ekintzen berri izanez, irakurlea mutiko bizi horrekin identifika daiteke (adin aldetik ere irakurle inplizituaren adineko baita gure Paul hau).

Xabier Olasok eta Jokin Mitxelenak eguneroko (edo iganderoko, esan beharko genuke) errutina erakusten digute. Zer egiten duen, zer gustatzen zaion, nolakoa den Paul. Eta horretarako irudiek ere ederki islatzen dute testuak dioena, are gehiago kolore bizi gutxi batzuk erabiltzeak (eta Paulen pijama horia horietako bakarrenetarikoa izateak) are indar handiagoa ematen dio gure mutikoaren pertsonaiari, arreta gune berezia bilakatzen da marroi, gris, urdin koloreen artean; Mitxelenaren irudiek testuaren irakurketa aberastu egiten baitute, bestelako irakurketa osoagoa, biziagoa bilakatuz. Horrela, testuaren eta irudien arteko kontakizun horren bidez pertsonaia ezagutuko dugu eta honen hainbat abentura eta jolasen berri izan. Horrek guztiak, hain zuzen, ipuinaren une gorenera iristeko balioko du.

Eginiko deskribapen horien ondoren liburuaren izenburura bueltatuz Paulen abentura ezagutuko baitugu; gurasoen ohean barneratu eta honelaxe aurkezten baitie bere burua gurasoei: «-Paul Itsasondo naiz, itsas hondoko altxor-bilatzailea!» (16. or.) eta ondoren itsas hondora barneratuko da mutikoa guraso bien artean oheko behealdera eginez: «Aho bete arnasa hartzen ahalegindu da, ufffffffff. Eta, ez bat eta ez bi, buruz behera murgildu da. Itsas harrotua dela dioen izara zuri eta ohe-azal urdinaren sakon ilunean galdu da.» (20. or.). Izara eta ohe-azalen arteko bidaia horrek, ordea, harridura sorraraziko die gurasoei, baita istorioa amaierara arte irakurtzen jarraitu duen irakurleari ere. Izan ere, hortxe hasten baita Paulen abentura miresgarria, gu geu ere harritu eta irribarrea ezpainetan utzi gaituen abentura ederra.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo