GARA > Idatzia > Euskal Herria

Igor Esnaola aske, hiru egun eta erdi inkomunikaturik eman ondoren

Asteartean Legorretan hasi zen polizia operazioaren harira atzo Gaztelu eta Leaburu-Txaraman miaketa gehiago egin zituzten bitartean, Igor Esnaola atxilotua aske geratu zen Madrilen. Tolosaldean atxilotzen saiatu zirena Andoni Goikoetxea dela azaldu zuen Alfredo Perez Rubalcabak. Bestalde, Legorreta, Villabona eta Gaztelun elkarretaratzeak egin zituzten.

p013_f02_149x089.jpg

J. ARRONDO | DONOSTIA

Igor Esnaola legorretarra, asteartean bere anaiarekin batera atxilotu zutena, aske utzi zuen atzo arratsaldean Guardia Zibilak Madrilen. Arratsaldeko seietan utzi zuten aske Madrileko Guzman el Bueno kaleko komisarian, eta bere kabuz moldatu behar izan zuen gurasoen etxera deitzeko. Madrilen zen Aiert Larrarte abokatuak jaso eta Euskal Herrirako bidea egin zuten. «Gogorrak» izan dira Igorrentzat orduok, mehatxu eta galdeketa etengabeak egin dizkiote; guardia zibilek komisarian atxilotu gehiago zeudela sinetsarazi zioten.

Bestalde, baliteke Aitor Esnaola, anaia zaharrena, gaur eramatea Auzitegi Nazionaleko Fernando Grande-Marlaskaren aurrera. Epailearen agindupean, hainbat miaketa egin zituen atzo Guardia Zibilak Tolosaldean. Hedabide espainolek goizean iragarria bazuten ere, Alfredo Perez Rubalcaba barne ministroak baieztatu egin zuen Andoni Goikoetxea bizilagunaren bila joanak zirela. Goizaldeko hiruretan Leaburu-Txaraman haren neska lagunaren gurasoen etxea miatu zuten agenteek eta bostak inguruan Goikoetxearen baserria Gaztelun.

Lander Etxeberria, hirugarren atxilotuari, bestalde, Aitor eta Goikoetxearen eta ETAren arteko lotura lanak egitea leporatu zion ministroak. Etxeberria Beran atxilotu zuten ostegunean eta Villabonako bere etxera eraman zuten miaketa egitera, goizaldeko ordu batak pasatxo zirela, bertaratu ziren herritarren babes eta animo oihuen artean.

Billabonatarrak «une honetan jasan dezakeen tratuarekin kezka» agertu zuten atzo Kontseiluko lankideek. Ohar batean ziotenez, «ongi aski ezagutzen du euskalgintzak eta bertan lan egiten duen jende andanak Guardia Zibilaren esku inkomunikatua egotea zer den».

Azken egunotan Legorretan bezala, Villabonan eta Gaztelun ere polizia operazioak salatzeko elkarretaratzeak izan ziren atzo iluntzean. Legorretan, sentimendu gazi-gozoarekin, Aitorren askatasuna eskatuz 200 lagunek manifestazioa egin zuten. Villabonan beste 250 lagun bildu ziren; Etxeberria inkomunikatuta eduki artean egunero 20.00etan elkartuko dira.

Moreno eta Gomez espetxera bidali ditu epaitegi frantsesak

Behin epaile aurretik pasatuta, ostegun gauean espetxeratu zituzten Itziar Moreno eta Oier Gomez Fresnes eta Villepint-eko espetxean, hurrenez hurren. Errepide kontrol batetik ihes egin eta Jendarmeekin tiroketa izan ondoren atxilotu zituzten biak igandean. Ostegun arratsean Pariseko Epaitegitik igaro ziren; epaileak euren aurka agertu zituen karguen artean «nahitako hilketa saiakera» dago. Moreno eta Gomez Croze udalerrian atxilotu zituzten, 18 orduz Jendarmeak euren atzetik ibili ondoren, Limoges-eko komisarian bi gau igarota Parisera eraman zituzten. GARA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo