GARA > Idatzia > Kirolak

ITSASOA

Alaia Antzinako surf taula

Orain dela mila urtetik erabili izan dituzte polinesiarrek «alaia»k. Berriz ere indarra hartzen hasi dira egurrezko taula mehe hauek.

p054_f01_148x136.jpg

Haritz LARRAÑAGA ALTUNA I

Surf munduan gero eta gehiago dira egurrezko taulekin surf egiteko hautua hartu dutenak. Surfaren erroetara itzultzearen aldeko korronte bat sortu da, antzinako polinesiarrek ibiltzen zituzten taulen antzerakoekin surf egitearen abantailak azpimarratzen dituena.

Txanperoa

Orain 30 urte surf taula gutxi ziren oraindik Euskal Herriko kostaldean, baina oso ohikoa zen gaztetxoak «txanperoarekin» olatuak hartzen ikustea.

Olatuak etzanda hartzeko egurrezko xafla mehea da txanperoa, aurrealdean okerdura bat duena. Badira okerdurarik gabekoak, guztiz lauak direnak, baina hauek urertzean erabiltzen dira, marea behean sortzen diren ur gutxiko putzuetan taulatxoa jaurti eta gainean zutik irrist egiteko.

Txanpero batean ezinezkoa da zutik jartzea, taula oso mehea baita eta hondoratu egiten baita. Gainean etzanda besoekin arraunean joateko ere meheegia da, hanken laguntzaz egin behar da arraun. Baina elurretan, lera edo trineo eta snowboard moduan erabil daiteke, azpialdean ez baitu lemarik.

Gaur berriz ere antzerako taulak ikus daitezke gure hondartzetan, baina oso antzerakoak izan arren ez dira gauza bera, hauek surf egiteko balio baitute. Hawaiiko lehen surflariek ibiltzen zituzten taulak bezalakoak dira. «Alaiak» dira.

Taulen jatorria

Antzina nabigazioak oinarri espirituala zuen Hawaiiko biztanleentzat eta surfa jolas arrunt bat baino gehiago zen. Surfa, jendearen arteko liskarrak konpontzeko eta agintarien heziketa edo prestakuntzarako bitarteko garrantzitsua zen.

Antzinako hawaiiarrentzat norberaren surf taula egiteak ere garrantzi handia zuen. Taula bakoitzaren ekoizpenean zenbait erritual ere egin behar izaten zituzten.

Bi egur mota desberdin erabiltzen zituzten taulak egiteko, williwilli eta koa izenekoak. Lehena soilik errege eta tribuko agintariek erabil zezaketen. Nobleen taulek olo izena hartzen zuten. Taula handiak ziren, 4,5 metroko luzerakoak.

Koa egurrarekin egindako taulak berriz, herri xehearentzat ziren eta alaia izena zuten. Hauek ere taula handiak ziren, 3 metrokoak, baina errege eta nobleenak baino txikiagoak.

Taula egiteko, lehenik zuhaitz egokia aukeratzen zuten. Enborraren azpian kolore gorriko arrain bat (kuma) uzten zuten eskaintza moduan, eta errezo baten ostean, harrizko aizkora batekin mozten zuten enborra. Moztutako egur zatia kanoan garraiatzen zuten etxera eta han taulari forma ematen zioten, koral eta harriekin.

Behin taula amaituta, uretara sartu aurretik ere beste zenbait errezo eta zeremonia egiten zituzten, beraz garrantzia handia zuen taula berriaren estreinaldiak.

Alaia-k Papua Ginean

2009ko otsailean Ernie Higgins shaper (taula-egile) kaliforniarra Papua Ginea Berriko uharte isolatu batean izan zen.

Bi mila biztanleko uharte txiki hartako biztanleek beren dialektoa hitz egiten dute eta antzinako tribu batekoak dira.

Gaztetxoenek surf taulak edo alaiak egiten dituzte eta olatu artean ibiltzen dira nerabezaroarekin batera, arrantza lanetan hasi arte. Beraz, soilik gaztetxoenek egiten duten kirola da.

Batzuek etzanda hartzen dituzte olatuak; besteak, behar adinako abiadura lortzen dutenean, zutik jartzen dira, baina denek hartzen dute olatua albo batera, diagonalean.

Tom Wegener

Alaiak berreskuratu dituen taula egilea da Tom Wegener. 2004an Hawaiiko museo batean izan zen eta han ikusi zituen alaiak lehenengo aldiz. Taula haiek Wegener liluratu zuten eta Australiako bere etxera itzuli bezain laster museoan ikusitako taulak egiteari ekin zion.

Egurrezko taulak egin eta itsasoan probatu zituen. Olatuak hartzeko baliagarriak zirela frogatu ostean, zenbait lagun ere alaiak erabiltzen hasi ziren. Hori ikusita, Wegener eta Mike Stewart (bodyboard mailan munduan izan den kirolari onena) elkartu ziren eta egurrezko taulak ekoizteari ekin zioten. Orduz geroztik arrakasta gero eta handiagoa izaten ari dira alaiak.

Alaia

Egun erabiltzen diren taulak antzinako surflariek erabiltzen zituztenak baino txikiagoak dira. Egur xafla zapal batekin egindako taula meheak dira alaiak. Arropa lisatzeko taula baten antzekoak dira, baina handiagoak.

Ohiko alaiek 1,5 eta 2,5 metroko luzera dute. Ez dute lemarik taularen azpialdean, eta antzinako taulen forma izan arren, oso azkarrak eta hidrodinamikoak dira.

Alaia bat egitea, ohiko surf taula bat egitea baino askoz ere merkeagoa eta errazagoa da, eta gainera ez du kutsatzen, kondarrak eta hondakinak ongarri moduan erabil baitaitezke.

Ohiko surf taulak zuntz, poliester eta hainbat produktu kimiko eta kutsakorrekin egiten dira. Egurra ordea, biodegradagarria da, baldin eta gainean beste produktu kutsakorrik ematen ez bazaio. Horregatik, alaia bat egiterakoan, ohola iragazgaitza izateko laka eman beharrean, koko olioa eta antzerakoak erabili ohi dira.

Ekoizleek iraunkortasunaren diskurtsoa defendatzen dute.

Alaia batek eskuz egina izan behar du eta hondakinak ongarri gisa erabili behar dira. Egurrezko taula, bere zikloa amaitzean arrasto kutsagarririk utzi gabe desagertuko da.

Teorian, alaia egiteko edozein egur erabil daiteke, baina praktikan, egur egokia aurkitzea ez da hain erraza izaten.

Egurrak arina izan behar du, baina gutxieneko gogortasuna izatea ere beharrezkoa da uhinen kolpeak indargetu ahal izateko. Pawlomia izeneko egur mota bat da alaia egiteko orduan adituek gehien gomendatzen dutena. Izeia, almadia, pinua edo beste edozein egurrekin ere egiten dira taulak, eta etzanda joateko bada, arazorik gabe egin ohi dira, baina zutik joateko taula bat egiteko egur ona erabiltzea ezinbestekoa da.

Azken urteetan oso garestiak izan dira, gutxi batzuek baino ez zituztelako egurrezko taulak egiten, baina gero eta gehiago dira taula hauek egiten ari direnak eta norgehiagokak gora egin ahala, prezioek behera egin dute. Alaia mota bakoitzak prezio bat du, baina batez beste, berrehun bat euro balio du alaia batek.

Olatu motaren arabera, alaia desberdinak eraiki ohi dira, baina funtsean aldatzen dena taularen forma baino ez da. Altuagoa, zabalagoa edo borobilagoa izan daiteke, baina oinarrizko aldagaiak ez dira aldatuko. Alaia, berez, egurrezkoa, mehea eta lemarik gabea da beti.

«Lala»

Antzinako surflari hawaiiarrek alaia batekin surf nola egin behar den esateko hitz bat zeukaten, lala.

Dirudienez olatuaren magalean ertzak ondo itsatsita joatea da sekretua. Horrela, olatuaren horman mantentzen da taula eta abiadura lortzen da. Gorputzeko pisua kontrolatu behar da, taula arindu eta jarraian pisua olatuaren errailean doan ertzean jarrita abiadura lortzen da.

Lala hitzak berak, taularen ertzak nola ibili esaten digu, eta surfa hawaiiar kulturan zenbateraino txertatua dagoen erakusten du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo